EH Bilduk ekitaldi nazionala egingo du Azpeitian Errazkini eta Intxaurrandietari babesa adierazteko

Uztarria.eus 2018ko mar. 28a, 16:36
Azpeitiko plazatik aterako da manifestazioa
Apirilaren 12an epaituko dituzte Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin erraustegiaren proiektua gelditzeagatik, eta ekitaldia apirilaren 15ean egingo du koalizioak.

Apirilaren 12an epaituko dituzte, Espainiako Kontu Auzitegian, Iñaki Errazkin aldundiko Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko zuzendari ohia. Zubietako errauste planta gelditzeagatik eragindako kalte ekonomikoa beren gain hartzea nahi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak: 41 milioi euro, alegia.

Epaiketa eta eskaera hori salatzeko egingo du ekitaldia EH Bilduk apirilaren 15ean Azpeitian bertan. Hala jakinarazi dute komunikabideen aurrean EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak eta Mikel Biain Oñatiko alkateak. EH Bilduren ustez, "erabat bidegabeak" dira eskaera horiek, "proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan" baitaukate Intxaurrandietak eta Errazkinek.

Aurrez, apirilaren 7an, Errazkini eta Intxaurrandietari elkartasuna adierazteko manifestazio bat egingo dute, hura ere Azpeitian. Protesta 18:30ean hasiko da, plazatik, Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna, alternatibak badaude lelopean. EH Bilduk sustatuta, azken 35 urteetako agintaldietan ardura instituzional eta politikoa izan zuten hainbat azpeitiarrek agerraldia egin zuten, manifestazioa babestuz.

Urola Kostako Hitzak auziaren harira elkarrizketatu du Iñaki Errazkin, eta hemen irakur daiteke elkarrizketa.