Ur hornidura sarea egokitzeko lanak egiten ari dira Nuarben

Uztarria.eus 2018ko mar. 27a, 19:04

Hasi dira Nuarben ur hornidura sarea egokitzeko lanak. Udalaren aurreikuspenen arabera, nuarbetarrek "epe motzean" izango dute ur hoditeria guztia "garbituta eta egokituta". Udalak azaldu duenez, "azken hilabeteotan beste hainbat neurri ere hartu dira egoera bere onera ekartzeko". 

Nuarbeko hainbat etxetako iturrietatik ur zikina irteten zela eta, egoera hori konpontzeko hainbat proba egin ditu Udalak urteetan zehar, baina proba horiek ez zuten lortu arazoa konpontzerik. Gaur gaurkoz, eta urtea hasi zenetik, ordea, "arazoa konponduta" dagoela esan du Udalak.

Nuarbek ur gordailu propioa du, eta ez dago ur sare nagusira lotuta. Arazoa gordailuan egon zitekeelakoan, Azpeitiko Udalak Beizamako ur depositotik bideratu du ura Nuarbera azken hilabeteotan. Era berean, Nuarbeko ur hoditeria nagusia garbitu, purgatu eta egokitzen ari da hilabete hasieratik, Gipuzkoako Urak agentziarekin batera. 

Ur sare nagusirako konexioa 

Azpeitiko Udalaren helburua da Nuarbe ur sare nagusira konektatzea. Hori egiteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela azpimarratu du Udalak. Nuarbe ur sare nagusira konektatzea xede, Aldundiarekin hainbat bilera egin izan direla esan du erakundeak. Foru Aldundiak Urrestillatik hasi eta Nuarbe, Matxinbenta eta Beizama arteko ur konexioaren proiektua egin duela jakinarazi du Udalak. Obra horiek 2019an egingo direla aurreikusten dute.