Sobietar Batasunaren eta EBren inguruko hausnarketa feminista, Astindu Europaren hirugarren saiorako

Uztarria.eus 2018ko mar. 26a, 17:34
Emakume boltxebikeak. (pstu.org)

Ikuspegi feminista batetik abiatuta, bi marko politikoak alderatuko dituzte, "emakume eta gizonen berdintasuna eta genero zein botere harremanak erdigunean jarrita". Saioa Emakumeen Txokoan izango da, 18:30ean hasita.

Astindu Europa jardunaldi kritikoen hirugarren saioa eskainiko dute asteazkenean, hilak 28, Emakumeen Txokoan. Hitzaldi zikloaren barruko hurrengo solasaldian Sobietar Batasunaren eta Europako Batasunaren (EB) inguruan hausnartuko dute, ikuspegi feminista batetik abiatuta.

Askapenak, Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, Basanderiekek eta Emakumeen Mahaiak elkarlanean prestatu dituzte Astindu Europa jardunaldiak, "Europako Batasunaren atzean ezkutatzen dena argitara ateratzeko".

Antolatzaileek aurreratu dutenez, asteazkeneko saioan Europako Batasunaren eta Sobietar Batasunaren hastapenen, zergatien eta helburuen inguruan "gogoeta" egingo dute, "emakume eta gizonen berdintasuna eta genero zein botere harremanak erdigunean jarrita".

Astindu Europaren sustatzaileen hitzetan "Errusiako Iraultzaren lehen urteetan eta Gobernu Boltxebikearen hasierako dekretuetan emakumeen askapenaren gaia erdigunean kokatzea lortu zuten, gizartearen eraldaketa bilatzen zuten bitartean". Hala, bi marko politikoak alderatzen"saiatu" nahi dute, "definiziozko ezberdintasunetan sakondu bitartean".

Hitzaldia 18:30ean hasiko da,  eta nahi duen ororentzat irekia izango da.