Pentsio publiko eta duinen aldarria kalera atera dute beste behin

Uztarria.eus 2018ko mar. 26a, 14:02

Gaur ere elkarretaratzea egin dute dozenaka jubilatuk eta pentsiodunek plazan, Azpeitiko Jubilatuen Plataformak deituta. Pentsio duinak aldarrikatzeko eta Espainiako Gobernuaren politikak salatzeko ari dira astelehenetan kontzentrazioak egiten Pentsio publiko eta duina. %0,25eko igoerari ez, KPIari bai lelopean.

KPI igoera aldarrikatu, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatu eta babes sozialeko sistema propio baten aldeko jarrera erakutsi dute kalera atera diren herritarrek. Izan ere, haien aburuz, Espainiako Gobernuak aurtengorako onartu duen pentsioen igoera "lotsagarria" da. Ekonomia krisitik ateratzen ari garela diotela baina "jubilatuei murrizketak egiten jarraitzen" dutela salatu dute, eta murrizketa gehiago iragarri dituztela.

Herriko pentsiodunek joan zen otsailaren 19an egin zuten aurreneko elkarretaratzea, plazan. Haren ostean, astero kontzentrazioak egingo dituztela iragarri zuten, eta halaxe ari dira; astelehenero biltzen dira plazan.