Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo, Emakume Master Cup txapelketako Promozio Mailako txapeldunorde

Uztarria.eus 2018ko mar. 25a, 15:06

Finala jokatu duten pilotariak herritarrekin Astelehena pilotalekuan. (Azpeitiko Udala)

Gaur, igandea, jokatu dute finala jendez leporaino bete den Eibarko Astelehena pilotalekuan, eta Amaia Vicario eta Ainhoa Urien izan dituzte parez pare. Partida azkarra eta berdindua izan da, baina azpeitiarrei ihes egin die txapelak; izan ere, Vicariok eta Urienek irabazi dute partida 20 eta 22. Argazki bilduma, hemen.

Alaitz Badiolak eta Oihana Orbegozok ezin izan dute Emakume Master Cup pilota txapelketako Promozio Mailako txapela jantzi. Gaur, igandea, jokatu dute finala jendez leporaino bete den Eibarko Astelehena pilotalekuan, eta Amaia Vicario eta Ainhoa Urien izan dituzte parez pare. Partida azkarra eta berdindua izan da, baina azpeitiarrei ihes egin die txapelak; izan ere, Vicariok eta Urienek irabazi dute partida 20 eta 22.

Partidaren lehen minutuetan aurretik izan dira Urien eta Vicario, baina markagailua 19na puntutan jarri ahal izan dute Orbegozok eta Badiolak. Nekea nabaritu ahal izan zaie pilotariei handik aurrera, eta azpeitiarren bi hutsegite baliatu dituzte Urienek eta Vicariok markagailua 19 eta 21 jartzeko. 20 tantora iritsi dira azpeitiarrak, baina garaipena urdinentzat izan da.

Azpeitiko Udalak finalak ikusteko autobusa antolatu du, eta hainbat herritar joan da Astelehenara pilotari azpeitiarrak animatzera.

Bigarren finalean, Elite Mailakoan, Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Patri Espinarrek iazko txapeldunak izan dituzte aurrez aurre: Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz. Eta aise berretsi dute iazko lorpena Arrizabalagak eta Etxanizek, partida bikaina jokatuta, 22 eta 7 nagusitu baitira.