Mark Kiptoo eta Hawi Megersa nagusi Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren 25. edizioan

Uztarria.eus 2018ko mar. 24a, 20:01
Maratoi erdiaren hasierako irudia.

Master 40 Mailako munduko marka ondu du 01:01:03 denbora eginda. Emakumeetan aurrena Hawi Megersa izan da, 01:10:24 denborarekin. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu Ander Sagarzazuk; emakumeetan, berriz, Euskadikoa Maria Zorrozak eta Gipuzkoakoa Nerea Arregik irabazi dute. Lehenengo azpeitiar gizon-emakumeak Ruben Aranburu (01:14:32) eta Maider Korta (01:29:33) izan dira.

Eguraldi petrala ez da izan lasterketari uko egiteko aitzakia Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartu duten ehunka eta ehunka lasterkarirentzat. Aurtengo edizioan mende laurdena bete du probak, eta parte-hartzeari dagokionez erantzun bikaina izan du. Izan ere, 21 kilometroko lasterketan 1.217 gizon-emakumek parte hartu dute.

Mark Kiptoo keniarra izan da gizonetan nagusi, 01:01:03 denbora eginda -2013an ere Kiptook irabazi zuen proba (01:00:42)-. Gainera, Master 40 Mailako munduko marka ondu du Kiptook, gaur arteko 01:01:09 denbora hobetuta. Haren atzetik, segundo gutxi batzuetara, sailkatu da Stephen Omiso keniarra (01:01:11), eta hirugarren izan da Samuel Kiplimo keniarra (01:01:23). Emakumeetan helmugaratzen aurrena Hawi Megersa etiopiarra izan da, 01:10:24 denborarekin. Bigarren Leonidah Jemwetich keniarra sailkatu da (01:10:42), eta hirugarren Azucena Diaz madrildarra (01:13:51). Lehenengo azpeitiar gizon-emakumeentzat ere izan dira sariak, eta horiek Ruben Aranburuk (01:14:32) eta Maider Kortak (01:29:33) irabazi dituzte.

Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa ere jokatu da gaurko proba nagusian, eta gizonetan Ander Sagarzazu donostiarrak eskuratu ditu bi txapelak; izan ere, ordubete, 7 minutu eta 16 segundotan iritsi da Sagarzazu helmugara. Emakumeetan Maria Zorroza gernikarrak irabazi du Euskadiko Txapelketa, gaurko proba ordubete, 22 minutu eta 18 segundotan bukatuta. Gipuzkoako txapela, berriz, Nerea Arregi arrasatearrak lortu du, maratoi erdia ordubete, 29 minutu eta 25 segundotan bukatu ostean.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek Kiptook gaur egindako lorpena goratu dute proba bukatzean. Haiek esan dutenez, gaurko lasterketari esker Azpeitiaren eta Azkoitiaren izenak "mundu guztira" zabalduko dira. Gainera, "egindako ahalegina" eskertu diote keniarrari, hemendik bi astera Pariseko maratoian ariko delako. Horrez gain, probaren antolatzaileek eskerrak eman dizkiete lasterketan parte hartu duten atleta guztiei eta boluntarioei, "egun gogorra" izan delako.

Maratoi erdiko sailkapen osoa honako lotura honetan ikus daiteke.

Fernandez eta Anduaga nagusi, proba motzean

Maratoi erdia baino pixka bat lehenago hasi da VI. Proba Motza. 257 lasterkarik bukatu dute zortzi kilometroko proba, eta gizonetan Oscar Fernandez (00:25:39) eta emakumeetan Claudia Anduaga gasteiztarra (00:30:25) nagusitu dira. Gizonetan bigarren Iñaki Peña donostiarra (00:27:16) izan da, eta Eric Martin oñatiarra (00:27:17) hirugarren. Emakumeetan bigarren Izaskun Beunza olaztiarra (00:30:59) helmugaratu da, eta Ohiane del Valle orozkoarra (00:31:34) hirugarren.

Proba laburreko lehen gizon azpeitiarra Carlos Paredes (00:30:46) izan da, eta emakumea, berriz, Maite Bikendi (00:34:44).

Proba laburreko sailkapen osoa honako lotura honetan ikus daiteke.