Kataluniako espetxeratzeak salatzeko eta atxilotuei babesa agertzeko elkarretaratzea deitu du Udalak

Uztarria.eus 2018ko mar. 24a, 16:57
Udaletxeko balkoian bi estelada eta xingola horia jarri dituzte Kataluniarekiko elkartasunez.

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako azken gobernuko lau kontseilari eta orduan Kataluniako Parlamenduko presidente zena espetxeratu zituen atzo. Gertakariok "oso larriak" eta "bidegabeak" direla adierazi du Azpeitiko Udalak, eta elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako. 12:00etarako jarri dute hitzordua plazan. Herritarrei elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die erakundeak.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren aurrean deklaratu zuten atzo, ostirala, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa Espainiako Estatuak bertan behera utzitako Kataluniako azken gobernuko kontseilariak eta Carme Forcadell orduan Kataluniako Parlamentuko presidentea. Epaile horrek erabaki zuen horiek denak espetxeratzea ihes egiteko eta matxinada delitua berriz egiteko arriskua dutela argudiatuta. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari ere matxinada delitua egotzi dio Llarenak, baina atzo ez zen deklaratzera agertu; erbestera jo du.

Gertakariok "oso larriak" eta "bidegabeak" direla adierazi du Azpeitiko Udalak, eta elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako. 12:00etarako jarri dute hitzordua plazan, eta esan du Kataluniako herritarrekin egoteko unea dela, "babesa erakustekoa". Horregatik, herritarrei elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die erakundeak.

Udalak "aitortza, errespetua eta elkartasuna" adierazi dizkie kartzelatu dituzten pertsonei nahiz haien senideei eta lagunei, eta atxilotuak "askatzea" eta erbesteratuak "etxera" itzultzea eskatu du. "Katalunian denon eskubide zibil eta politikoak daude jokoan: demokrazia, askatasuna, errespetua eta duintasuna", esan du udalak.