Sariak pilatzen jarraitzen du 'Z U L O' film laburrak

Uztarria.eus 2018ko mar. 24a, 13:58

Bi sarirekin itzuli da Erika Olaizola azpeitiarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutako Z U L O film laburra 11. Huezinema jaialditik. Atzo, martxoak 23, egin zuten Huezinemaren sari banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. 

Sail ofizialean hamar film laburrek hartu zuten parte, eta horien artean zen Z U L O. Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatutako epaimahaiak ematen duen 400 euroko Vertigo saria eskuratu zuen buruhandi baten eta neska baten arteko maitasun istorioa kontatzen duen ikus-entzunezkoak. Horrez gain, 700 euroko Mundukide saria ere jaso zuen Azpeitiko eta Zestoako sortzaileen lanak. Epaimahaiaren arabera, "giza eskubideen eta justizia sozialaren gaia egokien txertatu dituelako" jaso zuen Mundukide saria Z U L Ok. Erika Olaizola eta Mikel Ibarguren zestoarra, film laburreko bi protagonistak, igo ziren oholtzara sariak jasotzera.

(Argazkia: Goiena.eus)

Sari nagusia, Goiena saria, Atxur animazio taldearen Areka lanak jaso zuen. Atxur taldeko kide dira Alots Arregi Azpeitiko bizilaguna eta Izibene Oñederra azkoitiarra. Areka film laburrak jaso zuen 1.000 euroko sari nagusia.

Eman duen fruitua

Argitara atera zenetik gaur arte ibilbide oparoa izan du Z U L Ok. Film laburren jaialdietan murgildu ostean, aurreneko uzta Lekeitioko 40. Euskal Zine Bileran jaso zuen: Amateur mailako film labur onenaren saria lortuta, urrezko antzararekin itzuli ziren herrira. Haren ostean iritsi zen Bilboko 59. Zinebi jaialdian eskuratutako euskal zuzendari onenaren saria. Olaizolaren, Gaztañagaren eta Ibargurenen nahia zen Laburbira film laburren zirkuituan parte hartzea, eta halaxe izan zen: 2018ko Laburbira egitasmorako aukeratu zuten Z U L O