Diegoren itzalpean

Uztarria.eus 2018ko mar. 24a, 10:39
Antolatzaileak eta atletak Inpernu soziedadearen atarian, hasierako edizioetako batean. (Fernando Pikuak utzitakoa)

Gaur egingo dute XXV. Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia. Urteurrenaren atarian, mende laurdena bete duen lasterketa antolatzen duen taldean hasieratik dabiltzan Fernando Bereziartua Pikuarekin eta Mitxel eta Josu Iriarte anaiekin erreportaje hau egin du Mailo Oiarzabal kazetariak martxoko Uztarria aldizkarirako.

Ia 40 urte dira Azpeitian lehen aldiz maratoi erdi bat egin zela. 1979an antolatu zuten lehen aldiz maratoia Donostian. "Hura boom bat izan zen eta hemen denak korrika hasi ziren", gogoratu du Fernando Bereziartua Pikuak (Azpeitia, 1950). "Gaur adina atletismo kulturarik ez" egon arren, herrietan distantzia luzeko lasterketak antolatzen hasi ziren, baita Azpeitian ere. Pikua bera tartean zen kuadrilla batek erabaki zuen maratoi erdia antolatzea Jai Karnabalerako, eta erantzuna ez zen makala izan: 700-800 inguru korrikalarik parte hartu zuten lehen lasterketa hartan. "Akordatzen naiz, gainera, ikastolatik 70 ume etorri zirela korrika egitera; a ze astakeria!", dio, gaur egungo begiekin ikusita. Bizpahiru urtetan egin zuten maratoi erdia karnabaletan hasierako kuadrillak antolatuta; eta beste horrenbeste urtez, lekukoa hartu zuten Zokoa soziedadekoek antolatuta. Maratoi erdi haietan parte hartu zutenetako bat da Mitxel Iriarte (Azpeitia, 1965). "Maratoi erdia egin, etxera joan, dutxatu eta txikiteora", izaten zen Iriarteren plana.

Gerora umeentzako lasterketak-eta egiten jarraitu zuten karnabaletan, baina atzean gelditu zen maratoi erdia. 1990eko hamarkadan, ordea, Mitxel eta Josu Iriarte (Azpeitia, 1969) anaiak eta beste lagun batzuk hasi ziren distantzia luzeko lasterketa herrikoi bat martxan jartzeko asmoa lantzen. "Ideia zen lasterketa herrikoi bat antolatzea Azpeitian, lehen egon zen bezala, eta herri denetan zegoen bezala", kontatu du Josu Iriartek. Zeukaten asmoa azaldu zioten Diego Garciari, eta "egundoko plana" iruditu zitzaion Azpeitian bizi zen goi-mailako atleta azkoitiarrari. 1992a zen, Garciak Bartzelonako Joko Olinpikoetako maratoia bederatzigarren postuan bukatu zuen urtea, eta Fukuokan (Japonia) 42 kilometrotako lasterketan Espainiako marka ezarri zuen urte bera. Handik bi urtera, 1994an, Garciak Europako Atletismo Txapelketetako maratoian zilarrezko domina irabaziko zuen urtean, egin zen lehen aldiz Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.

Hutsetik hasi ziren, beraz, aurten 25. edizioa beteko duen lasterketa antolatzen. Bederatzi bat laguneko talde egonkorra osatu zuten, Diego Garcia bera ere tartean zela, eta Zaletu Taldea izena hartu zuten. Horietako batzuek bazuten esperientzia garai bateko maratoi erdiaren antolakuntzatik, baina dena zegoen egiteko. Lau dira hasierako talde hartatik gaur arte taldean jarraitzen dutenak, eta horietako hiru dira Pikua eta Iriarte anaiak. Eta hirurek azpimarratzen dute, behin eta berriz, herritarren eta herriko merkatari, ostalari eta erakundeen laguntza "ezinbestekoa" dela eta izan dela urte guztiotan maratoi erdia antolatu ahal izateko. "Dirua lortzea zaila da, eta laguntza lortzea ere bai. Nik horregatik baloratzen dut hemen dagoena", dio, eskertuta, Pikuak. Izan ere, herriko jende askoren inplikaziorik eta musu-truk emandako laguntzarik gabe zaila litzateke lasterketak irautea. "Azpeitian bakarrik, 120 lagun inguru" mugitzen ditu urtero maratoi erdiak lanerako, Josu Iriarteren esanetan. "Azkenean, guztiok gara hemen Zaletu Taldea", gaineratu du, jendearen laguntzaren garrantzia azpimarratzeko. Etxekoak, lagunak, hainbat soziedadetako kideak... Asko dira urteak joan eta urteak etorri Azpeitia-Azkoitia lasterketa posible egin eta egiten dutenak. Eta "aipamen berezi" bat: Loiola Hotela, "gure etxea".

Antolakuntzan ere batzuk uzten eta beste batzuk sartzen joan dira. Fernando Pikuak, esaterako, aurtengoa azken urtea izango duela aurreratu du. Eta, iriartetarrek bezala, "jende berria" inguratzea beharrrezkoa dela dio, lasterketari eusten jarraitzeko.

"Kristoren kolpea"

Baina Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren historian norbait giltzarria izan bada, hori da Diego Garcia. Azkoitiarra atletismoaren elitean zebilela eman zituen lehen pausoak lasterketak, eta haren inplikazioak eta itzalak pisu "eztabaidaezina" izan zuten maratoi erdiaren antolakuntzan eta zabalkundean. "Hark ate asko ireki dizkigu, haren kontaktuek bidea asko erraztu ziguten", aitortu du Pikuak. Garciaren babesle zen Adidasek goi-mailako atletak ekartzen zituen lehiatzera, eta Garcia beraren atleta lagunak ere beti etortzen ziren. "Ia dirurik kostatu gabe, kristoren maratoi erdia ateratzen zitzaigun", dio Mitxel Iriartek.

2001eko martxoaren 31n, ezusteko latzak kolpatu zituen maratoi erdiaren antolatzaileak eta Azpeitiko eta Azkoitiko herriak. VIII. Azkoitia-Azpeitiaren bezperan, entrenatzen ari zela, Loiolan, bihotzak huts egin eta hil egin zen Diego Garcia. Iriarte anaiek eta Pikuak, beste askok bezala, ondo gogoan dute non, noiz eta nola izan zuten Garciaren heriotzaren berri, eta ondorengo ordu eta egunetako emozioen zurrunbiloa. "Kristoren kolpea" izan zela diote, aho batez. Maratoi erdiaren arima zenaren kolpeko heriotzari aurre egitea gutxi ez, eta hurrengo egunean bertan lasterketa, eta hileta ere bai. Loiola Hotelean elkartu ziren Garciaren antolakuntzako kideak arratsaldean, zer egin erabakitzeko. "'Diegok nahiago izango zian egitea, ez egitea baino', esan genion elkarri, eta erabaki genuen egingo genuela", dio Mitxel Iriartek. "Egun hartan lasterketarik egin izan ez balitz, seguruenez ez litzakete gehiago antolatu izango. Pentsatzen dut laga egingo zela, eta behin lagatzen dituzun gauzak zailak dira gero berriro hartzen".

Eta Garciarik gabe, baina Garciarekin, aurrera egin zuen probak. 2002tik aurrera, Diego Garciaren Oroimenezkoa ere bada maratoi erdia. Haren prestatzailea zen Santi Perezek hartu zuen azkoitiarrak antolatzakuntzan utzitako hutsunea, eta Garciaren atletismo munduko lagunek urtero hartzen dute parte, era batean edo bestean, Azkoitia-Azpeitia lasterketan.

Fernando Pikuak eta Iriarte anaiek ere ez dute saltzeko lagunaren oroimena. "Herrikoia", "oso tipo ona", "gertukoa", "artista bat"... Hitz onak besterik ez dituzte Garciarentzat, eta hari buruz hitz egiterakoan "Diego da" ateratzen zaie oraindik sarri, maratoi erdiaren antolakuntzaren kuartel nagusia den Inpernu soziedadean elkarrekin egindako dozenaka afari-bilerak eta momentu onak gogoan.

'Animal'?

Urte luzeotako bizipenek utzitako hamaika pasarte dituzte gogoan antolatzaileek, eta horietako bat da lehen edizioaren irabazlearekin lotutakoa. William Musyoki keniarra garaile iritsi zen helmugara, baina ez pozik, "haserre eta erdi negarrez" baizik, Pikuak kontatu duenez. "Itzultzailea etorri zitzaigun zer gertatu zen galdezka, jendeak behin eta berriz animal esan ziola kexu zela. Eta guk, ez zela ezertxo ere gertatu: ikusleek animo esaten ziotela, eta ez animal. Besarkatzera etorri zitzaigun, orduan".