Borrokaren balioaz eta proiektuen eraikuntzaren garrantziaz, Floren Aoizen hitzaldian

Uztarria.eus 2018ko mar. 23a, 14:41

Orkatz kultur elkartearen 25. urteurrenaren harira prestatutako egitarauaren barruan, Floren Aaoiz Iratzar fundazioko lehendakariak hitzaldia eskaini zuen hilaren 21ean Sanagustin kulturgunean. Ezker abertzalearen historia izan zen solasaldiaren ardatza.

Besteak beste, ezker abertzalea sortu zen uneko testuinguru sozio-politikoaren inguruan, trantsizioaz, ezker abertzaleak trantsizioan hartutako jarreren eta erabakien inguruan eta borroken balioaz aritu zen solasean. Aoizek aipatu zuen ezker abertzaleak balore batzuen aldeko borrokei eman dien jarraipena eta balioa izan direla ezker abertzalearen "altxorra". Borroka horien artean kokatu zituen independentziaren, sozioalismoaren, feminismoaren edota ekologismoaren aldekoak, eta horien alde "borrokatzen jarraitzearen garrantzia" azpimarratu zuen. Horrez gain, "proiektuak eraikitzea borroka egitea bezain garrantzitsua" dela esan zuen Aoizek, eta borrokaren eta eraikuntzaren uztartzea aldarrikatu zituen.