Soreasu antzokia, sormenaren labea

Gipuzkoako Hitza 2018ko mar. 23a, 14:20
Garazi Pascual, taldekide batekin, Azpeitiko Soreasu antzokian egin berri duen egonaldian. (Aitor Bengoetxea)

Arte eszenikoen euskal konpainiek euskarazko obrak sor ditzaten, Azpeitiko Kulturaz kooperatibak "egonaldi osoak" eskaintzen ditu Soreasu antzokian. Etorkizunerako erronka gisa, beste hainbat diziplinatara zabaldu nahi dute. Gipuzkoako Hitza egunkariak egonaldien inguruko erreportajea argitaratu du.

Aitor Bengoetxeak dioen bezala, "ondare handia" gordetzen dute arte eszenikoek, arlo ugari batzen dituen diziplina delako, besteak beste. Aktoreek, gidoilariek, zuzendariek nahiz soinu eta irudi teknikariek bat egiten dute obraren sormen prozesuan, eta, bide horretan, pixkanaka hazten ari da lantaldeak egonaldi itxiak egiteko joera, guztien artean antzezlana ondu dezaten. Azpiegitura publikoak erabiliz "egonaldi osoak" eskaintzen dituen Hego Euskal Herriko udalerri bakarra da Azpeitia, eta, azken urteotan, euskarazko antzezlanen sukalde bihurtu da Soreasu antzokia.

Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak kudeatzen du Soreasu udal antzokia, eta, beraz, talde horrek eskaintzen ditu arte eszenikoentzako sormen egonaldiak herrian, udalarekin elkarlanean. Donostia 2016 egitasmoaren barruan, Kulturaz kooperatiba 2014an hasi zen Mugalariak proiektuarekin gisa horretako esperientziak eskaintzen, eta, urtebete geroago, Oholtzaberri plan integralarekin jarraitu zuten bide horretan sakontzen. "Azpeitian euskal antzerkigintza lantzeko beharra zegoela ikusten genuen, arte eszenikoak indarberritzeko premia zegoelako. Horretarako elementu asko zegoen Azpeitian, eta sorkuntza lanerako ere Soreasu antzoki indartsua eta eraginkorra izan zitekeela uste genuen", azaldu du Bengoetxeak, Kulturaz Kultur Kooperatibako kideak.

Argia da proiektuaren helburua: sormen prozesua bera ardatz izanda, euskarazko antzezlanak bultzatzea. Antolatzaileen filosofia da arte eszenikoen sortzaileek ahalik eta egoera onenean lan egin dezaten baliabideak ematea, eta, horretarako, antzokia ez ezik, egonaldi osoa eskaintzen diete taldeei. "Taldeek bi astez izaten dute antzokia erabilgarri; batzuek zatituta egiten dute egonaldia, eta beste batzuek, jarraian. Erabilgarri izaten dute antzokiko material teknikoa, eta kooperatibako teknikarien laguntza ere izaten dute. Horrez gain, ostatua eta jan-edana ere eskaintzen diegu egonaldian", azaldu du Bengoetxeak.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.