Iñaki Errazkin: "Herritarrek demokratikoki babestutako proiektu politikoa da auzitara doana"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 23a, 13:37
Iñaki Errazkin, Ingurumen diputatu ohia. (Maialen Etxaniz)

Zubietako erraustegiaren kontratua eteteagatik epaituko dituzte Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohi azpeitiarra eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohia Espainiako Kontu Auzitegian, apirilaren 12an. Eragindako kalte ekonomikoa beren gain hartzea nahi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK): 41 milioi euro.

Zuen kontrako auzia “EH Bilduren kontrako mendekua” izan dela aipatu zenuen Azpeitian emandako hitzaldian. Noren mendekua eta zertarako?

EAJren eta PSE-EEren mendekua da –PP ere tartean sartzen da–, Gipuzkoan EH Bilduk zalantzan jarri zuelako bi alderdien hegemonia. Gainera, zalantza hori ez zen instituzioetara mugatzen, koalizioak zenbait proiektu handi ere zalantzan jarri baitzituen. Horrek kezkatu egin zituen, eta are gehiago 2011ko hauteskundeen ostean. Izan ere, ordura arte instituzioetan inoiz hartu gabeko erabakiak hartu ziren. Erabaki horien aurrean, gurekiko marra gorri batzuk jartzeko beharra sentitu zuten; marra horiek igaroz gero, ondorioak izango genituela argi utzi nahi ziguten. Bide juridikoa aktibatu dute horretarako, Madrilgo auzitegi batetara bideratu gaituzte, horrek suposatzen duen guztiarekin.

Duela hiru urte hartutako erabaki batengatik epaituko zaituzte apirilaren 12an. Zergatik orain eta zergatik Espainian?

Interpretazio ezberdinak egin daitezke, baina badago interpretazio juridiko bat. Erraustegia egiteko kontratua eten ostean, Euskal Herriko Kontu Auzitegiak txosten bat egin zuen, erraustegia gelditzeagatik ordaindu beharreko kalte ordainei lotutakoa. Txosten hori Madrilera pasatu zen gero, eta han berriro ireki zuten. Duela urtebete kasua artxibatzeko eskatu zuen Fiskaltzak, baina GHK-k helegiteak aurkezteko epea aprobetxatu zuen gure kontra egiteko. Izan ere, auzitara eraman gintuen, baina ez kalte ordainengatik, erraustegia gelditzeko hartu genuen erabakiagatik baizik. Ondorioz, prozedura judizial berri bat zabaldu zen, eta GHK-ko arduradunen argudioen araberako epaiketa batera bideratu zen auzia.

Errauste plantaren kontratua eteteak ondorioak izango zituela bazenekiten. Baina espero al zenuten halako zigor eskaerarik?

Ez nintzen harritu. Hasieratik nekien erraustegia gelditzeko hartutako erabakiak gure kontra egiteko aukerak zabalduko zizkiela; banekien une egokia topatu bezain pronto gure kontra egiteko aprobetxatuko zutela, eta hala egin dute. Aldundira iritsi izana aprobetxatu dute beren proiektuak zalantzan jarri dituztenei erasotzeko. Urtebete barru hauteskundeak direla ezin da ahaztu; etekina atera nahi diote auziari. Horretarako baldintza sozialak alde izan dituzte, eta horrek zer pentsatua eman behar liguke.

Erraustegia gelditzea erakunde batek hartutako erabakia izan bazen, zergatik jo dute zuen kontra?

Erabaki administratibo batengatik epaitzen gaituzte, eta erabaki hori jende askoren artean hartu zen. Nik egiten dudan interpretazioa da EAJren helburua dela borroka politiko honetan bere aurka egiten dutenei eskarmentua ematea. Hau da, bere eremua zein den marra gorriz zehaztu nahi du. Tartean diru asko dagoen proiektuetan muturra sartzen duen norbait badago, zigortu egiten dute. Kasu honetan nahikoa iruditu zaie erraustegiaren aurkako borrokaren aurpegi publikoen kontra jotzea, Ingurumen diputatuaren eta GHK-ko lehendakariaren kontra egitea. Erraustegia gelditzeko erabaki formala hartu zuten pertsona guztiak auzitara eramango balituzte, asko luzatuko eta korapilatuko litzateke prozesua. Horregatik, erasoa neurtu egin dutela esan daiteke. Eskarmentua emateko bi pertsona auzitara eramatea nahikoa dela pentsatu dute.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean