Maria Luisa Orbegozo: "Gure helburua da 22 tanto egitea eta txapela jantzita etortzea etxera"

Uztarria.eus 2018ko mar. 23a, 13:20
Maria Luisa Orbegozo pilotarien aholku emailea.

Emakume Master Cup Txapelketako finalak jokatuko dituzte igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Promozio mailan Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrek Amaia Vicario eta Ainhoa Urien bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Maria Luisa Orbegozo (Urrestilla, Azpeitia, 1936) Oihana Orbegozoren botilero ariko da, eta igandeko final handira begira, Uztarriak elkarrizketa egin dio. Ondoren, lehen mailan, Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Patri Espinar bikotea Olatz Arrizabalagaren eta Leire Etxanizen aurka ariko dira.

Aholku emaile aritzen zara pilotariekin. Nolatan hasi zinen eginkizun horretan?

Master Cupeko azpeitiar neskek Egian jokatu zutenean beraiekin egon nintzen, nire ilobaren alabak, Oihana Orbegozok, jokatzen zuelako. Elkarrekin egon ginen kontu-kontari pilotari mordoska, eta Azpeitira autobusean itzultzerakoan komentatu omen zuten finalera iristen baziren botilero neu hartuko nindutela. Bakarka finalera Eneritz Arrieta bakarrik iritsi zen, eta baserriko ilobak deitu zidan esanaz Eneritzek aholku emaile ni eraman nahi ninduela. 'Nola joango naiz ba adin honekin?', erantzun nion. 'Niri lotsa ematen dit!'. Gero, Eneritzekin berarekin hitz egin nuen eta botilero lana egitera animatzeko eskatu zidan.

Etxekoek, seme-alabek, zer esaten dizute?

Alarguna naiz, eta semeetako batek esan zidan aitak ikusiko banindu poz hartuko lukeela, eta animatzeko. Beste semeak ere joatera animatu ninduen, frontoian sartuko naizen emakumerik zaharrena izango nintzela eta. Alaba, berriz, New Yorken bizi da, eta hark garai batean pattarra eman ohi zuen pilotalekura, eta adarra joz esan zidan orujo pixka bat emanez joateko frontoira. Seme-alabek animatu egin ninduten, eta poz-pozik jarri nintzen, laineza hartuta. Hala, hurrengo egunean Eneritzi deitu nion joango nintzela esateko.

Zer aholku ematen dituzu botilero bezala?

Oso argi egon behar dena da pilota jokoa nola doan, eta nire pilotaria nola ari den. Huts egiten ari dela, beherakada izan duela edo sakeak ez dela behar bezala ateratzen ari ikusiz gero, atsedenaldian esertzen ari direnean horiek zuzentzen eta animatzen saiatzen zara, aholkuak emanda. Pilotan ondo ari badira, berriz, jokuari eusteko eta halaxe jarraitzeko esaten diet.  

Zeu inoiz pilotan jokatutakoa al zara?

Urrestillakoa naiz jaiotzez, Altzaga baserrikoa. Jaiotetxean tolarea genuen sagardoa egiteko, eta har horma bat zuen. Hamalau senide gara, eta sei anaietan erdikoa naiz, eta mutilekin batera neska kozkorretan tolarearen tabikean esku pilotan aritzen ginen. Gero, Elosiagako eskolan hasi nintzen, eta hango frontoian jo eta ke aritzen nintzen mutilekin pilotan. Asko gustatzen zitzaidan. Orduan, pilota bizitzan beti segi izan dut eta larunbatetan eta igandeetan telebistaren aurrean eskuzko partidak i kusten ditut.  

Emakume Master Cup txapelketak indar eta oihartzun handia hartu ditu. Zer balorazio egiten duzu?

Izugarrizko poza ematen dit emakumeek indar hori hartzeak, eta beraiek ere ilusioz ari dira. Emakume Master Cupeko lehen mailako lau eta erdiko finala Sopelan jokatu zuenean Eneritzek iazko abenduan, jendea frontoitik kanpo geratu zen, lekurik gabe. Lehengo asteburuan ere Oñatiko frontoian jendetza bildu zen. Orduan, egundoko poza ematen dit emakumeak, gutxienez, gizonen parean izatea. Baina, noski, soldata irabazten ere hasi beharko dute ba neska pilotariek?

Igandeko finalean zure ilobaren alaba Oihana Orbegozoren botilero ariko zara. Zer nolako partida izatea aurreikusten duzu?

Oihanak nahikoa eta gehiegi egin du iritsi den lekura iritsita. Txikitan, neska koskorretan, pilotan aritzen zen eskola mailan, oso gustura, gainera, baina gero garai bat iritsi zitzaion ez zuela pilotan jokatzen jarraitzeko aukerarik, eta pilota utzi egin behar izan zuen. Merituak ematen dizkiot duela urtebete berriz hasi zelako pilotan, eta, begira, finalera iritsi da. Gure helburua igandeko finalean da 22 tanto egitea eta txapelak jantzita etortzea etxera. Esperantza hori dugu.

Eneritzi, berriz, beti esaten diot ezer erakutsi beharrik ez duela, izan ere dena ondo egiten du niretzat. Estilo handia du pilotan, besoak eta gorputza nola jartzen dituen ikusi besterik ez dago. Haren aurrelariagatik [Patri Espinar] ere hitz onak baino ez ditut, eta nire ustez haiek ere txapela atera behar dute. 

Emakumeen pilota jardunari zer etorkizun ikusten diozu?

Garbi dago emakumeek izugarrizko maila erakutsi dutela frontoian, eta hor dabiltza gogotsu pilotan. Eta nik uste dut ondoren datorrenari ere pilotarako afizioa erakusten badiete, etorkizuna izan dezakeela emakumeen pilotak. Zergatik emakumeek ez eta gizonek bai? Emakume profesionalak tenisean hor aritzen dira ba! Baina, noski, gizonak pilotatik bizi dira, eta emakumeak ere aintzakotzat hartu beharko lituzkete. Horretarako, noski, umetatik baliabideak jarri behar zaizkie eskolatik frrontoietara eraman eta pilotan jokatzeko aukera izan dezaten.

Pilotariz inguratuta egon zara beti. Zure senar zena, Inaxio Agirre Txikuri, pilotaria izan zen; zure seme Jagoba, berriz, zesta puntan jokatutakoa da eta beste semea, Aitor, erremontean. Gainera, zure senarra Donostiako Anoetako trinketeko kantxeroa izan zen zure senarra. Garai hartako zer oroitzapen dituzu?

Bai, nire senarraren aita, Santiago Agirre, izan zen Txikuri familiako lehen pilotaria. Gero, haren bi semeek zesta puntan jokatu zuten kanpoan, eta nire bi semeak ere pilotariak izan dira.

Eta, bai, 33 urtez bizi izan ginen Anoetako trinketean, eta izugarri gozatu nuen urte haietan. Semeak eskolatik etxera joaten zirenean haiekin aritzen nintzen pilotan jokatzen. Lagunekin kafetegira joatea baino nahiago nuen semeekin pilotan egitea. Asko gozatu nuen.