Pasaiako segadaren 34. urteurrenean, gertatutakoa gogoratu dute ikasleek

Uztarria.eus 2018ko mar. 22a, 14:07

Gaur, martxoak 22, Pasaiako segadaren 34. urteurrena da. Gaur 34 urte bete dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituela Pasaiako badian. Urtemuga gogoratzeko mobilizazioak deitu dituzte gaurko zein zapaturako, eta ikasleak izan dira aurrenak.

Herriko ikastetxeetako hainbat ikaslek bi orduko geldialdia egin dute heziguneetan, 1984ko martxoaren 22an Pasaian jazotakoa gogoratzeko. Ehundik gora ikasle Sanagustin kulturgunera bertaratu dira 11:00etan, eta han Pasaiako Badia dokumentala ikusi dute. Ikus-entzunezkoa ikusi aurretik, baina, Erik Aznalek eta Yuri Agirrek –Pasaiako Badiaren egileak– dokumentalaren inguruko zenbait azalpen eman dizkiete kulturgunean elkartu diren ikasleei. Behin dokumentala ikusita, elkarretaratzea egin dute plazan Ez dugu etsiko, Pasaiako segada argitu lelopean.

Arratsaldean, aldiz, lore eskaintza egingo dute Pasaiako segadan hildakoen omenez jarritako monolitoaren aurrean, 19:00etan. Hilaren 24an, zapatua, kontzentrazioa izango da 19:30ean plazan.

Ateak itxi dizkiote auziari

Duela 34 urte Pasaian gertatutakoa argitzeko borrokan aritu dira hildakoen senitartekoak urte luzez; Gipuzkoako nahiz Espainiako Justizian egin zezaketen auzibidea agortuta, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten, eta gauza bera egin zuen udalak. Baina Estrasburgok ere ateak itxi dizkio auziari. Joan zen martxoaren 17an jakinarazi zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez dituela onartu Azpeitiko Udalak eta Pasaiako segadan hildakoen senideek jarritako helegiteak. Epai hori "beste kolpe latz bat" izan da hildakoen senideentzat. Jakinarazi zutenez, Europako Parlementura eta Nazio Batuen Erakundera jotzea aztertuko dute orain.