Gertukoek zer diote?

Uztarria.eus 2018ko mar. 21a, 19:46

Jon Guridi hobeto ezagutu nahian, haren gertukoengana jo du Uztarriak galdezka. Guztiak daude pozik futbolari azpeitiarra Lehen Mailan jokatzera iritsi delako, eta onena opa diote bere ibilbidean.

Futbolariaren amari, Igor Zubeldia Realeko jokalariari, Guridiren kuadrillako bati eta Mikel Aranburu futbolari ohiari tokatu zaie Uztarriaren galderak erantzutea.

Marije Aldalur (Guridiren ama): "Oso pozik nago, baina dena ez da izan polita"

"11 urterekin hasi zen Realean, eta hainbeste urte futbolean pasatu ostean, sekulako poza sentitzen dut nire semea lehen taldera iritsi dela ikusita. Emozionatuta nago. Hala ere, dena ez da izan polita, eta hori etxean bizitzen da. Garai txarrak pasatzen dira futbolean, eta asko lagundu behar da. Txikia zela deitzen zioten hara eta hona joateko esanez, baina badaezpada esan behar diozu: 'Agian hemen bukatuko da'. Lesioa ere denontzako izan da gogorra, batez ere, berarentzako. Triste zegoenean, adibideak jartzen nizkion: 'Begiratu Agirretxe, Canales...'. Orain ondo sentitzen da, minik gabe, eta horixe da garrantzitsuena. Esaten diot segitzeko lanean, eta iritsi beharrekoa iritsiko dela, orain arteko guztia bezala. Eta lasai hartzeko eta zaintzeko ere esaten diot. Lehen ez zitzaidan gustatzen futbola, baina orain bai. Joaten naiz semearen partidak ikustera, eta deialdian badago, are gehiago. Nolakoa den Jon? Isila, baina mutil ona da, jatorra. Nik zer esango dut ba! Denek esaten didate aitaren berdina dela, eta nik esaten diet: 'Hankak behintzat nireak ditu'. Izan ere, lehen korrika nahikoaondo moldatzen nintzen [barrez]".

Igor Zubeldia (Realeko jokalaria): "Konfiantza handia dugu biok elkarrekin"

"Kuadrillako lagun bat bezala da niretzat Jon. Aurrez taxian-eta elkarrekin joaten ginen entrenatzera, baina Reala B taldean egin nuen berarekin harremana. Orain, denbora asko pasatzen dugu elkarrekin, baina ez gara aspertzen; konfiantza handia dugu biok elkarrekin. Nahiz eta ni azkoitiarra eta bera azpeitiarra izan, ez daukagu lehia hori. Nahikoa antzekoak gara biok, hasiera batean, behintzat. Lehen taldearekin entrenatzen hasi ginenean, pixka bat lotsatuta egoten ginen, kostatu egiten baitzaigu hasieran harremanak egitea. Baina, denborarekin, konfiantza hartu dugu taldekideekin. Futbol zelaian, berriz, ezkerra, abila eta oso ona dela esango nuke Jon. Zorte txar pixka bat izan du lesioarekin, baina orain bueltan da, eta gogotsu nago bera berriz ere zelaian ikusteko. Biok erdian jokatzen dugu, eta horrek agian partidetarako deialdian eragin dezake, baina horregatik ez gara haserretuko eta lagun onak izaten jarraituko dugu. Ahal den onena opa diot bere ibilbiderako. Oraintxe dauka aukera muturra sartzeko, eta uste dut aukera hori aprobetxatuko duela. Realean elkarrekin ahalik eta urte gehien egitea izango litzateke ideala".

Julen Ansoalde (Guridiren kuadrillakoa): "Berarekin batera ari gara gozatzen gu ere"

"Asko jarraitzen ditugu kuadrillan Guridiren partidak; azkenean, Reala ikustera baino gehiago, bera ikustera joaten gara. Hark jokatzen badu, beti joaten gara Anoetara. Orain arte ez ditu minutu asko jokatu, baina jokatu duenetan ondo aritu da, eta hori ez da gutxi. Agian, berak gehiago jokatzea nahiko du, baina nik uste dut entrenatzailea nahikoa konfiantza izaten ari dela berarekin. Orain, futbola dela eta, gustura egoten gara kuadrillan bere anekdotak entzuten: Xabi Prietok ez dakit zer egin diola, edo Agirretxek... Bizitza osoan momentu honen zain egon da, eta, orain, gu berarekin batera ari gara gozatzen. Aurretik bagenuen bere kamiseta, baina duela gutxi eman diote 23 zenbakia, eta berehala aldatu dugu denok elastikoa".

Mikel Aranburu (futbolari ohia): "Burua bere lekuan dauka eta langilea da"

"Poza ematen du beste herritar bat Realarekin Lehen Mailara iritsi dela ikusteak. Ea orain zorte pixka batizaten duen. Egia esan, orain arteko partidetan ondo ikusi dut. Lesioa izanda ere, Realak kontratu luzea eskaini dio, eta bera bezalako jokalari gazte batentzat orain garrantzitsuena da ahalik eta minutu gehien jokatzea. Hasieran ez da erraza izaten minutuak lortzea, eta, gainera, beste jokalari asko daude bere postu berdintsuan jokatzen dutenak. Baina nik uste dut bide onean dagoela. Belaunetik ondo errekuperatu da eta maila badu: teknikoki jokalari ona da; fisikoki ere bai, zelaian metro asko egiteko gai baita; eta futbola oso ondo ikusten du. Horrez gain, aurkarien areara iristeko eta gol batzuk sartzeko ahalmena ere badauka. Orain izan duen bezalako lesio luzerik ez izatea opa diot. Uste dut burua bere lekuan daukala eta langilea dela entrenatzerakoan nahiz bere burua zaintzerakoan. Ea entrenatzaileek konfiantza izaten duten berarengan eta lehen taldean lekua egiten duen".