Kiroldegia bete nahi du Iraurgi Saskibaloiak asteburuan

Uztarria.eus 2018ko mar. 21a, 16:48
Sammic ISBren jokalariak, Ourenseren kontrako partidan. (ISB)

Añaresek zapatuan GDKO Ibaizabalen aurkako euskal derbia eta Sammic-ek igandean FC Barcelona Lassaren kontrako neurketa garrantzitsua jokatuko dituzte, biak 18:00etan hasita. Azkoititik Azpeitira etorri nahi duten zaleentzat autobusak jarriko dituzte, doan.

Partida garrantzitsuak izango dituzte asteburuan Iraurgi Saskibaloiko bi talde nagusiek, eta klubak neurriko babesa eskatu die zaletuei, kiroldegiko harmailak bete eta etxeko jokalariak anima ditzaten. Zapatuan eta igandean hitzordu bana izango da kiroldegian, biak 18:00etan.

Emakumeen LF2ko neurketa izango da asteburuko lehendabiziko hitzordua. Zapatuan, euskal derbia jokatuko dute Azpeitian Añares ISBk eta GDKO Ibaizabalek. Derbi izaerak ematen dion berezitasunari gehitu behar zaio Iraurgikoak beren multzoko liderraren kontra ariko direla partida horretan. Añares, berriz, zazpigarrena da sailkapenean, baina etxeko lanak eginda dituzte Xabier Chicoren emakumeek, mailari eustea ziurtatuta.

Igandean iritsiko da Sammic ISBren txanda. Añaresekoak ez bezala, mailari eusteko borrokan buru-belarri sartuta jarraitzen dute Lolo Encinasen gizonek Urrezko LEB ligan; eta borroka berean murgilduta dagoen FC Barcelona Lassa hartuko dute igande arratsaldean kiroldegian, pisu bikoitza izan dezaketen puntuen bila. Aurretik, gaur bertan, sailkapenean hirugarren den Manresaren etxean jokatu behar dute Iraurgikoek.

Asteburuko bi neurketen garrantzia ikusita, ikusleen babesaren bila lanean ari da kluba. Horrela, Azkoititik Azpeitira etorri nahi duten zaleentzat autobusak jarriko dituzte, doan: zapatuan, maratoi erdia tarteko, 17:30ean irtengo da autobus bakarra Azkoititik; igandean, berriz, bi zerbitzu egongo dira, 17:00etan eta 17:30ean.

Bestalde, Uztarriak hamar sarrera zozkatuko ditu bere bazkideen artean ISBko taldeen asteburuko partidetarako; saridunek nahi duten partidarako erabil ditzakete tokatutako sarrerak.