Barkamen eta Adiskidetze egitasmoa jarri du martxan Loiola Zentroak

Uztarria.eus 2018ko mar. 26a, 18:39

Azken urteetan, biolentzia eta giza eskubide urraketak bizi izan dituzten pertsonei bideratutako akonpainamendu esperientziak eskainiko dituzte jardunaldi horien baitan. Otsailean abiatu zuten esperientzia pilotuan 15 pertsonek parte hartu dute, eta aurten beste bi taldek parte hartzea aurreikusi dute. Loiola Zentroaren asmoa da Barkamen eta Adiskidetze Eskolak modu irekian datorren urtean eskaintzen hastea.

Loiolako santutegiko Loiola Zentroak Barkamen eta Adiskidetze egitasmoa jarri du martxan, "gure herrian biolentziak eta giza eskubideen urraketek utzitako zauriak sendatzeko prozesuetan laguntzeko" helburuarekin. Bereziki, azken urteetan biolentzia eta giza eskubide urraketak bizi izan dituzten pertsonei bideratutako akonpainamendu esperientziak eskainiko dituzte jardunaldi horien baitan. Saio desberdinak antolatu ditu Loiola Zentroak: harrera egiteko, elkar topatzeko, elkarrizketarako eta elkarri entzuteko espazioak; gizarte ikuspegitik eta ikuspegi espiritualetik gogoeta; sendatzeko, pertsona bezala osatzeko eta hazteko ibilbideak eta barkamen eta adiskidetze alorreko trebakuntza.   

Proiektua Manu Arrue jesuitak koordinatuko du, Jesusen Lagundiko gainontzeko erakundeekin, Elizarekin, gizarte eragileekin eta administrazioarekin elkarlanean garatuko dute. Une honetan, esperientzia pilotua ari dira lantzen, baina Loiola Zentroaren asmoa da Barkamen eta Adiskidetze Eskolak modu irekian datorren urtean eskaintzen hastea.

Jatorria, Kolonbian

Kolonbian jatorria duten eta, gaur egun, beste 22 herrialdetan arrakastatsuak izaten ari diren Barkamen eta Adiskidetze Eskolen metodologia lantzen hasi ziren joan den otsailean Loiola Zentroan, esperientzia pilotu bat martxan jarriz. 

Hain zuzen ere, Loiolako Santutegiko jesuita eta laiko talde bat Perun izan zen iaz, herrialde hartan egitasmoak izandako garapena eta emaitzak gertutik ezagutzeko helburuarekin. Geroztik, Peruko Barkamen eta Adiskidetze Eskolen arduradunek Loiola bisitatu dute, proiektua hemen martxan jartzen laguntzeko.

Otsailean abiatutako esperientzia pilotuan 15 pertsonek parte hartu dute, eta aurten beste bi taldek parte hartzea aurreikusi dute. Kasu horietan guztietan, parte hartzaileak Loiola Zentroak bereziki gonbidatutako pertsonak dira. Loiola Zentroaren asmoa da Barkamen eta Adiskidetze Eskolak modu irekian datorren urtean eskaintzen hastea.

Bakarka edo taldeka

Barkamen eta Adiskidetze eskolak tailer formatuan landuko direla adierazi du Loiola Zentroko komunikazio arduradun Xabier Riezuk: "Trebakuntza norberaren esperientziatik abiatuta hasten da, bakarka edo elkar ezagutzen ez duten hiru pertsonek osatutako taldetxotan. Lan guztiaren helburua pertsonaren sendaketa da: nork bere burua barkatu eta modu batera edo bestera adiskidetzea". Parte hartzaileak astean behin elkartuko dira, eta gutxi gora behera hamar aste irauten duen ibilbidea da.

Riezuren esanetan, adiskidetzea maila pertsonalean eta gizarte mailan "hausturak josteko" prozesu bat da, eta "hiru dimentsio ditu, gutxienez: dimentsio pertsonala, dimentsio soziala eta dimentsio politikoa. Hala, komunikazio arduradunak gaineratu du "harreman estua" duela Justizia Trantsizionala ulertzeko modu batekin. "Ikuspegi horretatik, adiskidetzea Justizia Trantsizionalaren lau osagaietako bat izango litzateke: Egia – Erantzukizuna – Erreparazioa ― Adiskidetzea".