Bukatzear da igerilekua berritzeko eta hango energia kontsumoa gutxitzeko lanen lehen fasea

Uztarria.eus 2018ko mar. 21a, 12:40

Lanen lehen fasea bukatzear da dagoeneko. Eraikinaren zaharkitutako zatia berritu dute, eta bosgarren solairuko aretoa egokitu. Gainera, energia kontsumoa gutxitzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko instalazioak egiten ari dira; jada isolatu dute eraikina, bero gutxiago galtzeko. Bigarren fasea aurki hasiko dute, eta eguzki plakak ezarriko dituzte, energia gutxiago gastatzeko.

Joan zen udaz geroztik igerilekuan hainbat lan egiten ari da Udala. Batetik, eraikinaren zaharkitutako zatia berritzen eta bosgarren solairua egokitzen ari dira; eta, bestetik, energia kontsumoa gutxitzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko instalazioak egiten. Lanok bi fasetan ari dira gauzatzen, eta Udalak jakinarazi duenez, azken txanpan dira lehen faseko obrak.

Igerilekuko lan horiek 1.300.000 euroko aurrekontua dute, eta Udalaren arabera, duela urte batzuk hasitako bidearen jarraipena dira energia berriztagarrien obrak. Izan ere, igerilekua da Azpeitiko eraikin publikoetan energia kontsumo handiena duen tokia: "Energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egiten dugu, eta hainbat pauso eman dugu kontsumoa gutxitzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko", azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak. Hark gogorarazi du ur beroa erabilita geotermia instalazioaren proiektu "aitzindaria" jarri zutela martxan 2014an, eta orain eguzki plakak jarriko dituztela azaldu du: "Lan haiei jarraituz eguzki plakak jarriko ditugu energia sortzeko. Isolamendu lanen bidez, bero gutxiago galduko ditugu". Lan horiek eginda, %26,7 energia gutxiago galtzea aurreikusten dute udal ordezkariek.

Bestalde, lehen faseko lanetan igerilekuaren eraikinaren hormak eta sabaia berritu eta egonkortu dituzte. Bosgarren solairuan gela bat ere egokitu dute, eta hari leihoak handitu dizkiote. Gainera, gela bi zatitan egiteko aukera izango da aurrerantzean. "Eraikinaren zati zaharra berritzeaz gain, igerilekua egungo beharretara egokitzeko lanak ere egin ditugu: bosgarren solairuan gela handi bat soilik zegoen, argi gutxiduna, eta orain askoz ere argitsuago gelditu da gunea. Horrez gain, aldagela zaharrak berritu eta egokitu ditugu", azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak.Lanen bigarren fasearekin hasiko dira aurki, eta teilatuan eguzki plakak ezarriko dituzte. Horiek jarrita, igerilekuko eraikinean kontsumitzen den energia %11,5 gutxitzea aurreikusten du Udalak; urtean, 166.500 kwh gutxiago, alegia.