Azken atxiloketak salatzeko kontzentrazioa deitu du Kalera dinamikak biharko

Uztarria.eus 2018ko mar. 20a, 19:38

Lau lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak gaur goizean, "terrorismoa goratzea" egotzita. Atxilotuak aske utzi dituzte arratsaldean, deklarazioa hartu ostean. Biharko elkarretaratzea 19:00etan izango da, plazan.

Espainiako Guardia Zibilak gaur goizean egindako atxiloketak salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko. Kalera Kalera dinamikako bozeramaile Oihana Garmendia eta Antton Lopez Kubati eta Nafarroako Sortuko arduradun Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia atxilotu dituzte, Belen Gonzalez ETAko preso ohiaren omenaldian "terrorismoa goratzea" egotzita. Donostiako Intxaurrondoko kuartelean deklarazioa hartu ostean, lau atxilotuak aske utzi ditu Guardia Zibilak arratsaldean.

Atxiloketa horiek gaitzesteko mobilizazioak deitu ditu Kalera dinamikak herriz herri, Bakearen eta askatasunaren alde. Ez gaituzue geldituko lelopean. Azpeitian hamabost minutuko elkarretaratzea egingo dute plazan, 19:00etan hasita. 

Ezker abertzalearen inguruko solasaldia

Elkarretaratzea amaitzean, Orkatz Kultur Elkartearen 25. urteurrenaren harira antolatutako Ezker abertzalearen historia solasaldia izango da Sanagustin kulturgunean, 19:15 aldera. Floren Aoiz arduratuko da biharko hitzaldia gidatzeaz.