Kike Amonarriz: "Azpeitiarrek euskara kanpora zabaltzeko erantzukizuna dute"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 20a, 13:10
Kike Amonarriz. (Argazkia: Jone Amonarriz)

Euskaraldian murgilduta dabil Amonarriz, eta egitasmo horren nondik norakoak azaltzeko, 'Euskarak 365 egun Azpeitian' hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

11 egunez euskaraz bizitzea. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra ahal den guztietan euskaraz egitea. Erronka hori jarri du Euskaraldiak, baita herri euskaldunenetan ere. Kike Amonarrizen (Tolosa, 1961) arabera, Azpeitian ere badago zer hobetu.

Euskara bidegurutzean dagoela diozu. Zergatik?
Arrazoi asko daude hori esateko. Batetik, badira nazioarteko faktoreak: globalizazioa, krisi ekonomikoa, teknologia berriak… tarteko, hizkuntzen inguruko jarrerak, portaerak nahiz ezagutza maila asko aldatu dira azken hamarkadetan. Bestetik, Euskal Herrian sakoneko aldaketa soziopolitikoak gertatu dira azken hamar urteotan: besteak beste, Nafarroan eta Iparraldean, euskararen aldeko politika aktiboak bultzatzen ari diren erakundeak eta gobernu bat ditugu lehenengoz. Horrez gain, agente politiko berriak sortu dira eta ETAren jarduera amaitu da, eta horrek guztiak ere badu ondoriorik euskalgintzan. Bestalde, gure hizkuntza komunitatea zuzenean ukitzen duten aldaketak izan dira: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eremu zabalenean eta Nafarroako iparraldean, gazteak euskararen ezagutzaren eta ulermenaren unibertsalizaziotik gertu daude, eta Nafarroako beste eremu batean eta Iparraldean ere euskararen ezagutza asko ari da zabaltzen haur eta gazteengan. Hori guztia ikusita, esan genezake etapa berri baten atarian gaudela. Aldaketa sakonak gertatzen ari dira, eta horren guztiaren isla bat da Euskaraldia. Euskaraldiaren aurkezpen argazkia gure historian lehenengo aldiz ikusi dugu: alegia, euskararen hiru lurralde administratiboetako erakundeetako ordezkariak, euskalgintza osoko ordezkariekin batera, hizkuntzaren aktibazioaren aldeko egitasmo bat aurkezten. Berritasun handia izan da hori.

Euskararen ezagutza gora egiten ari da, baina ez erabilera. Zer ari da gertatzen?
Uste dut argi gorri bat piztuta daukagula, oso argi adierazten diguna irabazitako guztia ez dela iraunkorra eta ezagutzan irabazitakoak ez dakarrela erabileran hobekuntza automatikorik. Jendeari galdetzen diogunean ea zergatik ez duen euskaraz egiten egin dezakeen kasuetan, ohiko erantzuna zera izaten da: inertzia. Horregatik, Euskaraldiaren bidez, lortu nahi dena da inertzia horiek puskatzea eta portaera linguistiko horiek aldatzea. Hain zuzen ere, badakigulako askotan inertzia horiek zerikusi zuzena daukatela zure ohiko bizitzaren inguruan sumatzen dituzun hizkuntza ohiturekin, eta, beste batzuetan, zure ikuspegi subjektiboarekin.

Ulermenetik erabilerara urratsik egiten ez bada, zer gertatuko da?
Bidegurutzean gauden honetan, bi gauza gerta daitezke. Lortzen baldin badugu hurrengo belaunaldiak euskararen erabileraren aldeko urrats nabarmenak egitea, normalizatuta dauden hizkuntzen norabidean jarriko dugu euskara. Baina hurrengo belaunaldiak ez badu nabarmen euskararen erabileran aurrerapausorik ematen, etorriko den hurrengoak ikusiko du bere gurasoek euskaraz dakitela baina ez dutela egiten. Eta hori da gaur egun Irlandako gaelikoaren egoera. Alegia, ikasi behar da, baina inork ez du egiten, eta horrek ekarri du hizkuntzaren galera eta erabilera sozialetik desagertzea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.