Hasi dira Betharrameko frontoia eta Izarraitz pilotalekua eraberritzeko obrak

Uztarria.eus | Kirolak | Argazkia
2018-03-20 08:39

Abiatu dituzte  Betharram eraikinaren frontoia eta Izarraitz pilotalekua berritzeko konponketa lanak. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, obren helburua da "herriko frontoi beharrari irtenbidea ematea". Erakundeak joan den astean jakinarazi zuenez, pilotarako "gero eta afizio handiagoa" dago herrian, eta ondorioz, Frontoi Txikiak ez du asetzen herritarren eskaria. 

Izarraitz pilotalekuan egingo dituzten konponketei dagokionez, frontoia beharrezko neurrietara egokituko dute, pilotan jokatzeko ohiko araudiko neurriak baino handiagoak baititu. Horrez gain, lurrari tratamendu berezia emango diote. Udalaren hitzetan, "frontoiak izan duen erabileragatik lurra nahikoa egoera txarrean dago, eta zeregin nagusietako bat lurrari tratamendua ematea eta lurra egoki uztea izango da". Hori ez ezik,  kontrakantxako lurra berritu eta ezker horman zein frontisean pintaketa lanak egingo dituzte. Betharram eraikinaren frontoian, aldiz, pilotalekuaren hormetan egingo dituzte konponketa lanak. Frontenisa eta ezker horma txukundu ostean, margoketa lanak egingo dituzte.

Izarraitz eta Betharrameko pilotalekua eraberrituta, azpiegitura publiko horien erabilera aregotu nahi du Udalak.

(Argazkiak: Estitxu Elduaien)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa