Kapitalismoaren aurka Italian izandako borrokak hizpide, Astindu Europaren bigarren saioan

Uztarria.eus 2018ko mar. 19a, 19:59
Iaz Italian izan ziren Askapenako brigadistek eskainiko dute hitzaldia.

Bihar egingo dute jardunaldi kritikoen bigarren saioa, 18:30ean, Orkatzen. Antolatzaileek aurreratu dutenez, ''Europar Batasunaren eta kapitalismoaren aurkako borroka eta herri erresistentzien erreferente asko daude Italian", eta horietaz arituko dira hizketan biharko solasaldian. 

Astindu Europa jardunaldi kritikoen bigarren saioa ate joka dago. Bihar, asteartea, izango da hitzaldi zikloaren barruko bigarrena, eta bertan Italiako borrokak izango dituzte hizpide. Horrez gain, Askapena erakunde internazionalistak aurten antolatu dituen brigaden berri ere emango dute bihar. Hitzaldia Orkatzen izango da, 18:30ean hasita.

Askapenak, Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, Basanderiekek eta Emakumeen Mahaiak elkarlanean prestatu dituzte Astindu Europa jardunaldiak, besteak beste, "Europako Batasunaren (EB) atzean ezkutatzen dena argitara ateratzeko".

Solasaldian zehar Euskal Herriko eta Italiako herri erresistentzien arteko antzekotasunez eta ezberdintasunez hitz egingo dutela aurreratu dute Astindu Europa jardunaldi kritikoen antolatzaileek. Iaz Italian izan zen Askapenako brigadista batek eskainiko du solasaldia, eta bere bizipenetatik abiatuta hitz egingo du bihar. "Tradizio politiko luze eta oso anitzeko mugimenduekin aurkitu ginen 2017an Italiara bidaiatu genuen brigadistak. Europaren bihotzean kapitalismoaren, faxismoaren eta patriarkatuaren aurkako agitazio puntu garrantzitsu batekin topatu ginen, eta herri boterea eraikitze lanean dabiltzan esperientzia ugari ezagutu genituen", adierazi du. Esperientzia horiek izango dituzte hizpide jardunaldi kritikoen bigarren hitzaldian.

"Europako Batasunaren eta kapitalismoaren aurkako borroka eta herri erresistentzien erreferente asko daude Italian, eta horietaz ikasiko dugu", azaldu dute Astindu Europaren antolatzaileek. Hori ez ezik, Askapenak aurtengorako prestatu dituen brigaden berri emango dute biharko saioan. 

Antolatzaileek dei egin diete herritarrei jardunaldietan parte har dezaten: "Ez dezagun ahaztu Europako Batasuna milioika pertsonari eta herriei norabide sozio-ekonomiko jakin bat ezartzeko gaitasuna duen instituzioa dela; guri ere eragiten digula. Egin dezagun urrats bat burujabetzarantz, eta has gaitezen gure norabideaz eztabaidatzen". 

Azken 30 urteotan hainbat herritarrek hartu dute parte Askapenaren brigadetan. Antolakundearen 30 urteurrenaren harira, azpeitiar brigadisten bizipenak jaso zituen Uztarriak aldizkariaren 195. zenbakian.