Ur gezaren garrantziaz jabetzen, jolastu bitartean

Uztarria.eus 2018ko mar. 19a, 14:52

Ur gezaren garrantziaz ohartarazteko eta errekurtso horren kudeaketa jasangarria sustatzeko Uraren Nazioarteko Eguna ospatuko da ostegunean, martxoaren 22an. Data horren harira, zapatuan uraren inguruko jolasak egin zituzten herriko hainbat gaztetxok Ekoetxean. 

Hainbat jolas egin zituzten, guzti-guztiak urarekin lotura zutenak. Esaterako, antzara-jokoan hainbat galdera erantzun behar izan zituzten tailerrean parte hartu zuten gaztetxoek. Horiek erantzun ez ezik, zenbait proba egin behar izan zituzten. Txapak egin zituzten uraren egunerako leloarekin, ura eta kapilaritateak duten harremanaz ohartzeko ontzi batetik bestera belakiekin ura pasatzen aritu ziren eta aurrezteko aholkuak ere arrantzatu zituzten. Jolasak amaitzeko, arrantzatu zituzten aholku guztiak elkarrekin irakurri zituzten Ekoetxean elkartu ziren gaztetxoek.