Udalak autobusa antolatu du Badiolaren eta Orbegozoren finala ikustera joateko

Uztarria.eus 2018ko mar. 19a, 13:42
Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo, atzo, OƱatiko finalerdian. (Argazkia: Emakume Master Cup)

Doako autobusa abiatuko da igandean Eibarko Astelena pilotalekura, eta oraindik ordua zehaztu ez badute ere, finala bukatzean itzuliko dira herrira. Asteazkenera bitartean eman daiteke izena.

Emakume Master Cup pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte igandean, martxoaren 25ean, Eibarko Astelena pilotalekuan, eta promozio mailako txapela lortzeko lehiatuko dira Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak. Hori dela eta, txapelketako finala ikustera joateko doako autobusa antolatu du Azpeitiko Udalak.

Norgehiagokaren ordua zehaztu bezain laster jakinaraziko du Udalak autobusaren ordutegia, baina aurreratu du finalerako iritsiko direla eta hura amaitzean itzuliko direla herrira. Izena asteazkenera bitartean eman daiteke, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 72 00 eta 943-15 00 95 telefonoetara deituta.

Atzo jokatu zituzten txapelketako finalerdiak, Oñatin eta Badiolak eta Orbegozok Maddi Unanue azpeitiarra eta Naroa Agirre Arroa Goiko bizilaguna 18-17 mendean hartu ondoren sailkatu ziren finalera. Promozio mailan, Nagore Aramendi eta Oihana Unanuek ere jokatu zituzten finalerdiak, baina azpeitiarrek 17-18 galdu zuten. Datorren igandean, Badiolak eta Orbegozok Amaia Vicario eta Ainhoa Urien bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak.