Asto karrera euripean egin dute Loiolako San Jose jaietan

Uztarria.eus 2018ko mar. 18a, 16:18

Eguraldi iragarpena beteta, atsedenaldirik gabe gogoz egin du euria goiz eta eguerdi partean, eta Loiolako sanjose jaiak euripean ari dira igarotzen auzotarrak eta bertaratu diren bisitariak. Giro narratsa tarteko, zezen txikiak eta puzgarriak bertan behera geratu dira, baina Loiolako San Jose jaietan usadioa den asto karrerak ez du hutsik egin. Etengabeko euri zaparradak medio, Loiolara ohi baino jende gutxiago hurbildu da, eta astoen eta parte hartzaileen segurtasuna bermatze aldera, Loiolako festen historian aurrenekoz santutegiaren aurreko lorategian egin dute lasterketa. Zinten eta hesien bidez berdegunean inprobisatu duten ibilbidean lau astok eta lau loiolatarrek hartu dute parte: Aitzol Arregik, Aitor eta Unai Agirrezabal anaiek eta Olatz Egigurenek. Ibilbideari bost itzuli ematen azkarrena Aitor Agirrezabal izan da. Bestalde, eguerdian Kids&Us ingeles akademiaren antzerkia izan da Kiruri jatetxean, eta gaztetxo eta guraso ugari joan da emanaldia ikustera.

Arratsaldean, berriz, 17:30ean hasita, herri kirol erakustaldia izango da Loiolan. Aizkoran ariko dira Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a, eta harri jasotzen ariko dira Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.a. Goiz eta arratsalde, gainera, Egurrola aita-semeen trikiti doinuak ez dira faltako auzoan. 

Hona hemen San Jose bezperako hainbat argazki: