Haritz Mujikak irabazi du IX. Erniarraitz Bertso Txapelketa

Uztarria.eus 2018ko mar. 17a, 11:41

Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak irabazi zuen atzo gauean Azpeitiko Gaztetxean jokatutako IX. Erniarraitz Txapelketaren finala, 276 puntu bilduta. Haren atzetik, Aitor Bizkarra sailkatu zen, 269 punturekin. Aitor Salegi izan zen atzoko saioan kantatu zuen eskualdeko bertsolari bakarra, eta hirugarren postuan sailkatu zen zestoarra, 268 punturekin. Laugarren postuan Aratz Igartzabal sailkatu zen (266 puntu); bosgarrenean, Eneko Araiztegi (265,5 puntu); eta, seigarrenean, Joanes Illarregi (258 puntu). 250 bat lagun bildu ziren Gaztetxean.

Zortziko txikian eta zortziko handian ondo aritu ziren bertsolari gehienak, baina, oro har, mailak behera egin zuen hamarreko handian. Puntu-erantzunetan ere itxura ona eman zuten, eta kartzelakoaren txanda iritsi zen segidan. Honako hau izan zen bakarkako lanerako gaia: "Zure lagun mina da, baina ezin duzu onartu egin duena". Bikote harremanen gaia jorratu zuten gehienek, baina izan zen bide ezberdina hartu zuenik ere. Hain zuzen ere, Salegik drogen gaia landu zuen, eta oso fin aritu zen lan horretan. Saio nahikoa txukuna izan zen arren, poto batzuk ere izan ziren tartean.

Epaimahaiak hartutako erabakiaren berri eman zuenean, hiru sari banatu zituzten. Aratz Igartzabalek jaso zuen Gaztetxeak emandako bertso onenaren saria, bakarkako laneko hirugarren bertsoagatik. Azpitxapeldunaren saria Azpeitiko Udalak banatu zuen, eta irabazleari Erniarraitz bertsozale elkarteko Manuel Agirretxek jantzi zion txapela. Bertso bat ere bota zuen hark.

Saioaren amaieran, Mujikak nabarmendu zuen "saio erregular samarra" izan zela hasieratik. "Zortziko handian gustura aritu naiz, eta zortziko txikian ere bai. Puntu-erantzunetako bigarren bertsoan irristada txiki bat egin dut, eta pena horrexekin noa; baina bestela, ondo. Bakarkakoan, berriz, badakit zertarako gai naizen, eta egin dudana oso disdiratsua ez izanagatik, gustura nago", adierazi zuen.