Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte igandean bost azpeitiarrek

Uztarria.eus 2018ko mar. 16a, 15:55

Promozio mailako finalerdiak jokatuko dituzte Alaitz Badiolak, Oihana Orbegozok, Maddi Unanuek, Nagore Aramendik eta Oihana Unanuek, Oñatin. Finalerdietan gailentzen diren pilotariek martxoaren 25ean jokatuko dute finala, Eibarko Astelena pilotalekuan.

Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte igandean, hilak 18, Oñatin, eta bost pilotari azpeitiar lehiatuko dira bertan. Promozio mailako finalerdietako batean, Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak Maddi Unanue azpeitiarraren eta Naroa Agirre Arroa Goiko bizilagunaren aurka lehiatuko dira. Maila bereko beste finalerdia, berriz, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrek jokatuko dute, Amaia Vicarioren eta Ainhoa Urienen aurka. Lehen mailako finalerdiak ere jokatuko dituzte egun berean, baina haien artean ez da izango herriko pilotaririk.

Finalderdiak 11:30ean hasiko dira, eta Euskadi Irratian nahiz ETB 1en emango dute horren berri. ETB 1en, 12:15etik 14:00etara jokatuko diren lehen mailako bi finalerdiak zuzenean emango dituzte. Finalerdietan gailentzen diren pilotariek Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko dute finala, martxoaren 25ean, 12:00etan hasita.