Elkarlanerako mugarria

Uztarria.eus 2018ko mar. 16a, 14:12
Xabier Martinez, Aitor Elizondo, Ortzi Alberdi, Eider Agirre eta Erik Aznal, Azpeitiko, Zarauzko eta Zestoako gaztetxeetako kideak. (Maialen Etxaniz)

Topaketak egingo dituzte asteburuan Gipuzkoako gaztetxeetako eta gazte asanbladetako kideek. Esperientziak elkarbanatu nahi dituzte, ahalduntzeko.

Hastear daude Gipuzkoako Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak. Gaur, Beasainen elkartuko dira Gipuzkoako hainbat txokotatik bertaratutako gazteak, eta han igaroko dute asteburua. Gaztetxeen funtzionamenduaz eta antolakuntzaz ariko dira hizketan topaketetan, elkarren berri izan eta hausnarketak trukatzeko xedearekin. Era berean, atzerriko eta Euskal Herriko hainbat proiektu ezagutuko dituzte bertaratzen diren gazteek. Antolatzaileen nahia da topaketa horiek Gipuzkoako gaztetxe eta gazte asanbladen elkarlanerako "mugarri" izatea. Antolaketa lanetan aritu diren gazteetako hiru dira Ortzi Alberdi (Zestoa, 1995), Erik Aznal (Azpeitia, 1993) eta Eider Agirre (Azpeitia, 1996).

Aznalek azaldu duenez, Iruñean egin zituzten Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak dira Gipuzkoakoen abiapuntu: "Bertan ondorioztatu zuten herrialde bakoitzean barne koordinazioa lantzeko beharra zegoela, gaztetxeak eta gazte asanbladak harremanetan jarri eta elkarren berri izateko espazio bat sortzea helburu hartuta". Iruñeko topaketen ostean, hainbat bilera antolatu zuten Gipuzkoan, eta handik sortu zen jardunaldiak egiteko asmoa. Iazko azaroan hasi ziren topaketak buruan hartuta lehenengo bilerak egiten, eta Gipuzkoako hainbat herritako gazteak aritu dira antolaketa lanetan, hala nola Urretxu-Zumarraga, Beasain, Azpeitia, Donostia, Errenteria, Tolosa, Ordizia, Bergara, Zestoa, Zumaia eta Zarauzko gazteak.

"Argi daukagu sistema kapitalistari organismo gisa kontra egiteko espazioak direla gaztetxeak eta gazte asanbladak, eta bide horretan beharrezkoa izango dela hausnarketa batzuk elkarrekin egitea eta martxan diren ereduak aztertzea", azaldu du Agirrek. Hori dela eta, Euskal Herrian zein nazioartean martxan diren hainbat proiektu "erdigunera" eraman nahi izan dituzte topaketen antolatzaileek, uste dutelako gaztetxeetan "orokorrak diren kezkak eta erronkak gainditzeko gakoak" aurki daitezkeela proiektu horietan. "Gaztetxe eta gazte asanbladok aurkitzen ditugun oztopoak indibidualki gainditu beharrean, elkar ahaldundu eta elkarren esperientziatik elikatzea aberasgarria dela uste dugu", azpimarratu du Aznalek. Era berean, harreman sarea osatzea gaztetxeen eta gazte asanbladen lana "eraginkor bihurtzeko" bidea ere badela uste dute.

Erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.