Iker Bueno Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko kirol arduradun izendatu dute

Uztarria.eus 2018ko mar. 16a, 13:37
Iker Bueno. (Julene Frantzesena)

Buenok Iraurgi Saskibaloi Taldean egin du kirol ibilbide guztia; jokalari aritu zen lehenik, eta entrenatzaile lanetan aritu zen ondoren. Sammic ISB Espainiako Urrezko LEB Ligara igo zen 2016-2017 denboraldian, Bueno entrenatzaile zela. ISBk "poza" adierazi du Buenoren izendapena tarteko, eta ibilbide berrian "zorterik onena" opa diola esan du.

Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak erakunde horretako kirol arduradun izendatu du Iker Bueno (Azpeitia, 1988). Buenok Iraurgi Saskibaloi Taldean egin du kirol ibilbide guztia; jokalari aritu zen lehenik, eta entrenatzaile lanetan aritu zen ondoren. 2013-2014 denboraldian Iraurgiko gizonen lehen taldearen gidaritza hartu zuen, eta egindako lanak eman zituen fruituak; izan ere, Sammic ISBk Zilarrezko LEB Liga irabazi zuen 2016-2017 denboraldian, eta Urrezko LEB Ligara igo zen. Gainera, Zilarrezko LEB Ligako entranatzaile onenaren izendatu zuten Bueno denboraldi hartan. 2017ko Azpeitiko gizonezko kirolari onenaren saria ere eskuratu zuen azpeitiarrak.

Iraurgik iazko uztailean jakinarazi zuen Buenok ez zuela gizonen lehen taldea entrenatzen segituko. Harrezkero, saskibaloi klubean beste eginkizun batzuk izan ditu. ISBk "poza" adierazi du Buenoren izendapena tarteko, eta ibilbide berrian "zorterik onena" opa diola esan du.

Honako lotura honetan irakur daiteke 2017ko ekaineko Uztarria aldizkarian Buenori egindako elkarrizketa.