Mobilizazioak eta lore eskaintza, Pasaiako segadaren 34. urteurrenaren harira

Uztarria.eus 2018ko mar. 15a, 15:25

Pasaiako segadaren 33. urteurrenean egindako lore eskaintzan hartutako irudia.

Urtemugaren egunean, hilaren 22an, herriko ikastetxeetako ikasleek bi orduko geldialdia egingo dute. Arratsaldean, aldiz, lore eskaintza egingo dute Pasaiako segadan hildakoen omenez jarritako monolitoaren aurrean. Hilaren 24rako, berriz, kontzentrazioa deitu dute Ez dugu etsiko, Pasaiako sarraskia argitu lelopean. 

Martxoaren 22an 34 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zenetik. 34 urte beteko dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituztenetik. Urteurrenaren harira, hainbat ekintza egingo dituzte Pasaiako segadan hildakoen senide eta lagunek, urtero egin ohi duten gisan. 

Urtemugaren egunean, hilaren 22an, herriko ikastetxeetako ikasleek geldialdia egingo dute 11:00etatik 13:00etara. Denbora tarte horretan, Pasaiako Badia dokumentala ikusteko aukera izango dute Sanagustin kulturgunean. Ikus-entzunezkoa bukatzean, elkarretaratzea egingo dute plazan. Arratsaldean, aldiz, lore eskaintza egingo dute Pasaiako segadan hildakoen omenez jarritako monolitoaren aurrean, 19:00etan. Hilaren 24an, zapatua, kontzentrazioa izango da 19:30ean plazan, Ez dugu etsiko, Pasaiako sarraskia argitu lelopean. 

Hitzordu horiek antolatzeaz gain, Pasaiako segadaren inguruko erakusketa jarri dute ikusgai Sanagustin kulturgunean. Besteak beste, Kurroren eta Pelitxoren gaztetako argazkiak, gertakariaren berri ematen duten hainbat argibide taula, bi herritarren gorputzak herrira ekarri zituzteneko argazkiak, eta 1984ko martxoaren 22an zein hurrengo egunetan prentsan argitaratu zituzten alderdi zein instituzioen erreazkio politikoen eta herri mobilizazioen berri ematen duten albiste zatiak ikus daitezke erakusketan.