"Osasunaren kontura negozioa egiten dute, eta hori ez da zilegi"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 15a, 13:47
Ana Zendoia eta Miriam Tolosa, Asuncion klinikaren aurrean. (Hitza)

Tolosako Asuncion klinikako langileak hainbat protesta ari dira egiten, lan hitzarmen berri bat lortzeko. Eskualdeko hainbatek lan egiten du han; tartean, Ana Zendoia azpeitiarrak eta Miriam Tolosa azkoitiarrak.

Asuncion klinikako kirofanoko erizaina da Ana Zendoia (Azpeitia, 1980), eta erietxe bereko fisioterapeuta Miriam Tolosa (Azkoitia, 1981). Azken boladan, lan baldintza duinak aldarrikatzeko hainbat protesta egiten ari dira, klinikako beste hainbat langilerekin batera.

2013tik ari zarete zuen lan baldintzak negoziatzen, baina adostasunik ez duzuela lortu salatu duzue. Hori horrela, ELA eta LAB sindikatuek deituta, bi hilabete dira mobilizazioekin hasi zinetela, eta hainbat lanuzte egin duzue. Zer dela eta erabaki duzue protesta horiek egiten hastea?
2010etik lan hitzarmena berritu gabe gaude, eta, gaur egun, lan hitzarmena eguneratuta izatea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. 2013tik ez dugu akordiorik lortu negoziazio mahaian, eta  gure nahia honako hau da: lanorduak eta lan karga murriztea, soldatak igotzea eta langileei kontratu egonkor gehiago egitea.

Zuen egoera gero eta prekarioagoa dela salatzen duzue. Zein da, bada, zuen egungo errealitatea?
Asuncion klinika Tolosaldeko ospitale bat da, eta hori hala izanda ere, langile falta handia dago. Langile bakoitzak artatu beharreko paziente kopurua beste ospitaleetan baino handiagoa da, eta, ondorioz, beste erietxeetan baino lan karga handiagoa dugu. Azpiegituretan ere ez da ia ezer inbertitzen. Prekarietate hori Tolosaldeko osasun zerbitzua osatzen duten 31 herrik pairatzen dute; hau da, 65.000 biztanlek.

Zuen lan jarduna, osasun publikoan lan egiten dutenena baino altuagoa dela ere salatu duzue. Zer ezberdintasun dago haien egoeraren eta zuenaren artean?
Haiek baino lan karga handiagoa izateaz gain, azpiegitura, material eta errekurtso aldetik ere diferentzia handia dago haien eta gure artean. Gainera, laster oposaketak datoz, eta guk administrazio publikoarentzat lan egiten dugun arren, gure lan esperientzia ez dute kontuan hartzen oposaketetan; zero puntu baloratzen dute gure lan esperientzia.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzan.