Soreasuko Sormen Guneko obrak esleitzeko lehiaketa publikoa martxan da

Uztarria.eus 2018ko mar. 14a, 18:08

Lehen faseko obren lehiaketa publikorako deialdia zabaldu dute, eta fase horretan, hitzaren, irudiaren eta arte eszenikoen eremuetako obrak egingo dituzte. Lehiaketa multzoka egingo dute, gremio txikiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Apirilaren 3ra bitartean aurkez daitezke proposamenak. 

Soreasuko Sormen Guneko obra egin ahal izateko lehiaketa publikoa martxan da. Atzo argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean lehen faseko obren lehiaketa publikorako deialdia, eta proposamenak aurkezteko epea zabalik izango da apirilaren 3ra bitartean. Sormen gunea bi fasetan egingo dute, eta lehen fasean, hitzaren, irudiaren eta arte eszenikoen eremuak egingo dituzte, prozesuan adostu bezala. Eremu horiek egokitzeko obretarako lehiaketa da martxan dagoena, eta lan horiek egiteko, 994.348,94 euroko aurrekontua (BEZ barne) izango da.

Lehiaketa multzoka egingo dute, eta horren helburua da herriko gremio txikiek lehiaketan parte hartzeko aukera izatea. Udalak azaldu duenez, "herriko ekonomiaren aldeko beste apustu bat" egin nahi izan dute horrela.

Josu Labaka Kultura zinegotziaren iritziz, "pauso garrantzitsua" da lehiaketa publikoa martxan jartzea: "Urte eta erdi luzez aritu gara nolako sormen gunea nahi dugun eztabaidatzen, eta paper gainean irudikatu badugu ere, bada garaia Soreasun irudikatutakoa bertatik bertara ikusteko", azaldu du. Ainara Larrañaga zinegotziak azpimarratu du Soreasukoa datorren hamarkadarako "proiektu estrategikoa" izango dela kulturarentzat: "Kultur arloan apustu sendoa egin dugu Azpeitian. Azken zortzi urteotan kulturak loraldi izugarria egin du gurean, eta plaza eskaintzeaz gain, sorkuntzarako azpiegiturak eta baliabideak jartzea ere bada helburua. Kultur politika sendo eta propioa dugu, eta Soreasu estrategikoa izango da datozen urteotan".

Bigarren fasea

Lehen faseko obren ostean, soinuaren eremua osatzeko lanak egingo dituzte, eta horiek bukatzean amaituko dituzte sormen guneko obrak osorik. Hala ere, soinuaren eremuaren parte izango den gune bat egokituta dago dagoeneko; Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea abesbatzak erabiltzen dute gaur egun leku hori. Bihar, berriz, Antxieta Arkeologia taldeak erabiliko dun gunea inaguratuko dute, 18:30ean.

Udala duela urte eta erdi inguru hasi zen Kultur Mahaiaren bidez kultur sortzaileen eta taldeen beharrak ezagutzen eta Soreasuko Sormen Gunearen inguruko proiektua osatzen. Bilera eta batzar askoren ondoren, iazko uztailean edukien inguruan osatutako proiektua aurkeztu zuten. Proiektu hark kultur mugimenduko talde eta norbanakoen babesa jaso zuen, eta azken ekarpenak egin aurretik, proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen Udalak bilera ireki batean. Ondoren, 2018ko aurrekontuetan onartu zuten Soreasuko sormen gunearen obrak 2018an hastea, eta joan den otsailaren 6an eginiko udalbatzarrean onartu zuten egitasmoa.