Mus Txapelketarekin hasiko dira Loiolako San Jose festak ostiralean

Uztarria.eus 2018ko mar. 14a, 14:24
Iazko San Jose festetako irudia.

Ostiraletik igandera, egitasmo ugari izango da auzoan San Jose festak direla eta. Mus Txapelketa 22:30ean hasiko da, baina 22:00etan zabalduko dute izen-emate epea. Zapatuan mendi bizikleta irteera egingo dute. Igandean asto karrerak eta herri kirolak izango dira, besteak beste.

Ostiralarekin hasiko dira Loiolan aurtengo San Jose festak. VII. Mus Txapelketa egingo dute ostiral gauean Kiruri jatetxean. 22:00etan zabalduko dute izen-ematea, eta txapelketa, berriz, 22:30ean hasiko da. Lehian parte hartu nahi duen bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du. Txapelketa irabazten duen bikoteak 350 euro eta txapelak eskuratuko ditu. Bigarren sailkatzen den bikoteak, berriz, 150 euro eta txuletak eskuratuko ditu, eta hirugarrenak bi lagunentzat afaria Kiruri jatetxean.

Festak hasi besterik ez dira egingo ostiralean; izan ere, zapatu goizerako mendi bizikleta irteera antolatu dute Loiolako Festa Batzordeko kideek. Hain zuzen ere, 09:00etan Loiolatxo elkartearen aurretik aterako dira mendi ibilbidea egitera txirrindulariak. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute Uranga jatetxean.

Festetako egun handia igandean izango da, eta, besteak beste, zezen txikiak, puzgarriak eta Kids&Us ingeles akademiako kideen antzerkia izango dira auzoan goiz partean (eguraldi txarra bada, Kiruri jatetxean egingo du). Eguerdian, 13:00etan hasita, berriz, hain entzutetsu diren asto karrerak egingo dituzte. Bazkal ostean, herri kirol erakustaldia izango da: harri jasotzen ariko dira Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.a; eta aizkoran, aldiz, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Arratsaldean ere izango dira haur eta gaztetxoentzat puzgarriak. Festa girorik ez da faltako Loiolan, asteburuan.

Hona hemen, egitaraua:

Etzi, ostirala

22:30. Mux Txapelketa Kiruri jatetxean. 22:00etan hasiko da izen-ematea.

Martxoak 17, zapatua

09:00. Mendi bizikleta irteera, Loiolatxo elkartetik abiatuta.

Ondoren. Hamaiketakoa izango da Uranga jatetxean.

Martxoak 18, igandea

11:00. Zezen txikiak zabalgunean.

12:00. Kids&Us ingeles akademiak antzerkia egingo du. (Eguraldi txarra bada, Kiruri jatetxean izango da)

13:00. Asto karrerak.

17:30. Herri kirol erakustaldia.

Goizean eta arratsaldean. Puzgarriak.