Gazte Akelarrearen aurkezpena egingo du Azpeitiko Ernaik ostegunean

Uztarria.eus | Gizartea | Argazkia
2018-03-14 10:29

Azpeitiko Ernaik Gazte Akelarrearen inguruko xehetasunak azaltzeko aurkezpena egingo du ostegunean, hilak 15, Orkatzen. Belaxe taldearen kontzertu akustikoak lagunduko du aurkezpena, 22:30ean hasita. Belaxe taldea Uzuri eta Leire lagunek osatzen dute. Donostian bizi diren bi bizkaitar dira, zuzenekoetan euskal kantuak moldatzen dituzte akustikoan.

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek martxoaren 30tik apirilaren 1era egingo dute Gazte Akelarrea Oiartzunen. Aurten, Sorginkerian dugu independentzia lelopean egingo dute udaberriko ekimena. 

Aurtengo Gazte Akelarrean hizpide izango dituzte, besteak beste, feminismoa, memoria historikoa, internazionalismoa, klase borroka, ekonomia sozial eraldatzailea, amalurraren defentsa eta euskara. Hiru ataletan banatu dituzte egitarauko lehen zertzeladak: lurra, gorputza(k) eta sua. Denetariko ekintzak eskainiko dituzte bertaratzen diren lagunentzat, hala nola solasaldiak, tailerrak, dokumentalen proiekzioak eta kontzertuak.

Sarrak salgai daude Orkatzen. Horien prezioa egunen araberakoa da. Martxoaren 30ean, ostirala, joan nahi duten pertsonek 12 euro ordaindu beharko dute sarrerak. Zapatuan joan nahi dutenek, aldiz, 18 euro. Gazte Akelarreko hiru eguneko bono orokorra 30 euro ordaindu behar da, baina hamar laguneko taldeetan erosiz gero, 28 euro ordaindu beharko da pertsonako. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa