Hezkuntza publikoan deitutako lanuzteak jarraipen ezberdina izango du herriko ikastetxeetan

Uztarria.eus 2018ko mar. 13a, 20:32

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitu dute greba biharko eta ostegunerako. Karmelo Etxegarain lanuztearekin bat egingo dute; baina hainbat zerbitzu eskainiko dituzte bihar eta etzi. Urola Ikastola BHIn, %60k egingo du greba. Uztaro haurreskola ohi bezala zabalduko dute. Protesta deialdien helburua da "eskola publikoan inbertsio handiagoa exijitzea".

Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelopean, biharko eta etzirako greba deitu dute hezkuntza publikoan Steilas,  ELA eta LAB sindikatuek. LABek, ordea, mobilizazio dinamikak eten ditu sukalde eta garbiketa, Haurreskola eta heziketa berezien sektoreetan; irakasleen sektorearen protestak bakarrik mantendu ditu.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain lanuztearekin bat egingo dute; baina hainbat zerbitzu eskainiko dituzte bihar eta etzi, mailaz maila era desberdinean, jantokian eta zaintzan. Urola Ikastola BHIn, % 60k egingo du greba. Uztaro haurreskolan, bestelakoa da egoera, ohi bezala zabalduko dutelako.

Grebak jarraipen zabala izango du Urola Kostako ikastetxe publiko gehienetan, baina gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.

EHIGE guraso elkartearen arabera, biharko eta etziko protesta deialdien helburua da "eskola publikoan inbertsio handiagoa exijitzea, langile kopurua handituz, gaur egungo langileen behin-behinekotasuna jaitsiz eta ordezkapenak lehen egunetik eginez". EHIGE Euskal Eskola Publikoaren baitan ordezkaritza handiena duen erakundea da. Baikara, BIGE, Denon Eskola, Gipuzkoako Eskola Txikiak eta Ikas-bi federazioek osatzen dute.