Gaztetuta dator aurtengo San Jose Trikiti Jaialdia

Uztarria.eus 2018ko mar. 13a, 16:53
Maider Jauregi, Andoitz Antzizar, Josu Labaka, Aitziber Otegi eta Eugenio Gisasola ‘Lutxurdio’.

28. San Jose Trikiti Jaialdia egingo dute larunbatean, Azpeitiko Soreasu antzokian, 17:30ean hasita. Ohi baino trikitilari gazteagoek parte hartuko dute aurtengo ekitaldian. Sarrerak eskura daitezke oraindik.

Trikitiaren mundua maite dutenek galdu ezin duten hitzordua gainean da. Larunbatean egingo dute Azpeitiko San Jose Trikiti Jaialdia, eta gaur aurkeztu dute ekitaldi horren egitaraua Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideek eta Josu Labaka Azpeitiko Udaleko zinegotziak. Labakaren arabera, "loraldi berri bat" bizitzen ari da eskualdean trikitia, eta, beraz, une oparoan dator aurtengo jaialdia.

Zinegotziaren esanetan, eskualdean "oso berezia" da trikitiarekin izan den lotura; "gurea den zerbait da trikitia", nabarmendu du. Haren esanetan, gainera, berriro indarra hartzen ari da trikitiaren kultura inguruotan. "Trikigiro elkartea egitasmo berriak sortzen ari da eskualdean, eta horrek erakusten du transmisioaren soka ez dela eten. Belaunaldi berriak pixkanaka eguneratzen ari dira, eta esango nuke hain gurea den instrumentua etorkizunera begira jartzen ere asmatzen ari direla. Gainera, uste dut beste urte batzuetarako ere oinarriak jartzen ari direla Trikigiro elkartekoak". Haren arabera, sormenaren eta transmisioaren bueltan egiten ari diren lanketan, trikitiari lotuta, behintzat, "bete-betean" asmatzen ari dira. Labakak adierazi du Trikigiro elkarteko ordezkariek ezin izan dutela aurkezpen ekitaldira joan, baina haiei aipamen bat egin nahi izan die, "aitorpena merezi" dutelako.

Maider Jauregi Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak azaldu duenez, elkarteak esku artean dituen proiektuen artean ibilbide luzeena duena da San Jose Trikiti Jaialdia. 28. aldia izango da aurtengoa, eta hark uste du jendeak oso harrera ona egiten diola ekitaldiari. "Urtez urte zain egoten dira jaialdi hau iristeko", esan du.

Elkartearen barruan, trikiti jaialdia antolatzen duen Urola bailarako lantalde bat dago, eta talde horretako kide den Aitziber Otegik eman ditu larunbateko egitarauaren inguruko xehetasunak. Hark nabarmendu duenez, gaztetuta dator aurtengo jaialdia: "Urte askoan adin jakin batetik gorako trikitilariekin osatu dugu jaialdia, nahiz eta tartean gazteak ere izan diren. Baina ikusten dugu, agian, helduen talde hori gero eta txikiagoa dela, gero eta soinu jotzaile gutxiago daudela aktibo, eta gazteei aukera bat eman behar zaie. Ez bakarrik helduak ez daudelako aktibo, baizik eta badagoelako jarraipen bat, eta polita delako segida hori ikustea". Aurtengoan, adin "jakin batetik beherakoak" dira partaide gehienak; beteranoen artean izango da, besteak beste,Tomas Soraluze Epelde, Eugenio Gisasola Lutxurdiorekin batera arituko dena. Aurtengo jaialdian, honako zazpi partaide hauek izango dira: Eneko Arbeo eta Mireia Ibabe, Obaneuke, Ansorregi eta Larrañaga, Joxe Mendizabal, Astiazaran II.a eta Andonegi, Epelde eta Lutxurdio, eta Ttipika taldea.

Otegik gogorarazi du hainbat ediziotan norbait omendu izan dutela jaialdiaren barruan, baina azaldu du aurtengoan ez dela halakorik izango. "Badirudi urtero omenaldiren bat egitea derrigorra bilakatu dela, eta aurten ez dugu ikusi horretarako beharrik. Aurten ere egongo da omenaldia merezi duen norbait segur aski, baina beste urteetarako ere zerbait utzi beharko da".

Sarrerak badaude oraindik

Martxoaren 9az geroztik salgai daude jaialdirako sarrerak, baina zenbait lekutan agortu dira dagoeneko; Azpeitiko tabernetan gastatu dira sarrera guztiak, baina Azkoitiko Ixidro erretegian bakar batzuk gelditzen dira oraindik. Dena den, badago sarrerak eskuratzeko aukera oraindik, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearekin harremanetan jarrita, trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzita edo 943-83 28 28 telefonora goizez deituta. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, 16:00etatik aurrera, Soreasuko leihatilan. Sarrerak erreserbatuta dituztenek, berriz, 16:30 baino lehen jaso beharko dituzte, leku berean. 12 euro balio dute sarrerek.