Atom Rhumba: Bizkarrezurra astintzeko parada

Uztarria.eus | Kultura | Argazki galeria
2018-03-12 17:56

Atom Rhumba eta Sonic Trash taldeek kontzertuak eskaini zituzten joan den zapatuan, Sanagustin kulturgunean. Atom Rhumbak taldearen azken lana aurkeztu zuen Azpeitian, Cosmic Lexicon diskoa. Gogotik gozatu zuten kulturgunera bertaratu ziren lagunek. Juan Luis Romatet kazetaria bertan izan zen, eta zuzenekoaren inguruko kronika egin du Uztarriarentzat.

"Atom Rhumba bezalako talde gutxi dago euskal musikaren panoraman. Izango dira azkarragoak, izango dira bortitzagoak, zaratatsuagoak, pisutsuagoak. Baina gutxik dute bizkaitarrek agertoki gainean erakusten duten intentsitatea eta, rock taldea izanda, jendea dantza ero batean jartzeko gaitasuna.

Hala erakutsi zuen, beste behin ere, larunbatean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean emandako kontzertu puskan. Zazpi urteko isilunearen ondoren, Rober!-ek gidatzen duen taldea ­–bera da liderra eta hasieratik mantentzen den kide bakarra– Cosmic lexicon diskoarekin itzuli da urte honen hasieran. Disko berriak Atom Rhumbaren ezaugarriak mantentzen ditu eta rockaren historian egon eta egongo diren estilo ugariak taldeak bere egin ditu oraingoan ere. Psikodelia, garajea, bluesa, punka, soula, rocka... Dena marmita batean sartu eta berea duen edabe magikoarekin itzuli da taldea.

Agertoki gainean benetako rockstar bat izateaz gain, Rober!-ek badu sekulako musikariak inguratzeko abilitatea. Atom Rhumbaren azken berraragiztatze honetan Joseba Irazoki gitarrajoleak – Euskal Herriko eta, esango nuke, estatu osoko gitarrajole onena da–, Jaime Nieto baxu joleak eta Andoni Etxebeste bateria joleak osatzen dute, Rober!-ekin batera, taldea. Eta, a zer mailako musikariak! Sanagustinen ikusi bezala, base erritmikoa martxan jartzen denean zaila, oso zaila, izaten da geldirik egotea: nahitaez dantzara eramaten zaitu. Horri Rober!-en eta Irazokiren gitarrak eta presentzia gehitzen bazaizkie, bizkaitarren meza beltz rockeroa gelditzeko erarik ez dago.

Logikoa den bezala, Cosmic lexicon disko berria izan zen Azpeitiko kontzertuko oinarria. Izan ziren, noski, disko zaharragoetako altxorrak ere: Cynic skin, Home made prozac edota Body clock zoragarria, hurrenez hurren. Ez zen jende asko hurreratu kontzertua ikustera (ez da ezerengatik, baina kontzertuak goizago jartzerik ba al dago?), baina bertaratutako askok bizkarrezurra ederki astintzeko aukera izan zuten".

Argazkiak: Albeto Beloki. Irudi gehiago, Kulturaz kooperatibaren Flickr atarian.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa