Pentsio duinak aldarrikatu dituzte, beste behin

Uztarria.eus 2018ko mar. 12a, 14:25

Azpeititiko Jubilatu eta Pentsiodunen Plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, astelehena, berrehundik gora lagunek, herriko plazan. Espainiako Gobernuak pentsioetan ezarri duen %0,25eko igoera salatzeko eta KPIaren igoera aldarrikatzeko irten dira plazara, beste behin. Gaurkoaren ostean, astelehenero egingo dute elkarretaratzea, leku eta ordu berean. 

Zapatuan Donostiako Alderdi Ederretik Bulebarrera egingo den manifestaziora joateko deia egin dute kontzentrazioa bukatzean. Autobusa antolatu dute Azpeititik Donostiara joan-etorria egiteko, eta izen-ematea zabalik dago. Mobilizaziora autobusez joan nahi duten herritarrek aurrez eman beharko dute izena Baigera Ien, 6 euro ordainduta. Zapatuan anbulatorio aurretik irtengo da autobusa, 16:30ean. 

Manifestazioaren aldarrikapen nagusiak hauek dira: "0,25 ez, KPI igoera bai; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; babes sozialeko sistema propio baten alde; pentsio publiko duinen alde".

Herriko pentsiodunek joan zen otsailaren 19an egin zuten aurreneko elkarretaratzea, plazan. Orduan ere ugari izan ziren mobilizaziora batu ziren herritarrak, aurtengorako onartu duten %0,25eko "igoera lotsagarria" gaitzetsi eta KPIaren neurriko igoera aldarrikatzeko.