Antxieta arkeologia taldearen egoitza berriaren inaugurazio ekitaldia izango da ostegunean

Uztarria.eus 2018ko mar. 12a, 12:44
Antxieta arkeologia taldeko kideak eta Josu Labaka Kultura batzordeburua egoitza berrian. (Azpeitiko Udala)

Udalak Soreasuko eraikinean atondu du arkeologia taldearentzat gunea. Ostegunean ekitaldi irekia egingo dute, eta bertaratzen direnek lokala eta taldeko kideek egiten duten lana ezagutzeko aukera izango dute. "Soreasu kulturaz betetzeko fasea" hasi dela azpimarratu du Josu Labaka Kultura batzordeburuak.

Antxieta arkeologia taldeak egoitza berria du Soreasu eraikinean, eta haren inaugurazio ekitaldia egingo dute ostegunean, 18:30ean hasita. Herritar guztientzat irekia izango da ekitaldia, eta bertaratzen direnek lokala eta taldeko kideek egiten duten lana ezagutzeko aukera izango dute. Udalak nahiz Antxieta taldeak ekitaldira joateko deia egin diete herritarrei.

1965ean sortu zuten Antxieta taldea, eta, ordutik, hainbat egoitza izan du. Dena den, azken hamarkadetan Koartel Zaharrean nahiz Perez Arregi plazako eraikinean izan dute lokala. "Taldearen lana erraztu eta espazio beharrari aurre egiteko", Soreasu eraikineko parking publikorako sarreraren gainean egokitu du Udalak Antxietakoentzat gune berria. Egoitza berriaren lanak bukatu dituzte dagoeneko, eta lekuz ere aldatu dira taldeko kideak. Haien azaldu dutenez, "pena pixka bat" eman die Perez Arregiko lokala uzteak, baina "gustura" daude aldaketarekin.

Josu Labaka zinegotziak gogoratu du Soreasuko sormen gunea eraikitzeko obrak laster hasiko direla, eta azaldu du Soreasu herriko kulturaren eta kultur sorkuntzaren habia izango dela. "Beharrak kontuan izanda, Antxietakoak izango dira Soreasura etorritako lehen taldea, eta bere egoitza izango dute eraikin publikoaren barruan", azaldu du. Horri lotuta, "Soreasu kulturaz betetzeko fasea" hasi dela azpimarratu du Kultura batzordeburuak.