Berdindu egin du Lagun Onakek Anaitasunarekin Txerloian

Uztarria.eus 2018ko mar. 10a, 22:04

Ikusmin handia piztu du gaur arratsaldean Anaitasunaren eta Lagun Onaken gizonezkoen talde nagusiek Azkoitiko Txerloian jokatu duten futboleko derbiak. Jendetza elkartu da Txerloian partida ikustera; etxekoen kolore gorria nagusi izan da, baina asko eta asko izan dira Azpeititik joan direnak ere.

Azken emaitzak ez ditu, ordea, inoren apetak asetu: hutsean berdindu dute Azkoitikoek eta Azpeitikoek Espainiako Hirugarren Mailako  29. jardunaldiko partida. Lortutako puntu bakanarekin, Anaitasunak jaitsiera postuetan jarraituko du, eta Lagun Onakek, berriz, igoerako play-offak jokatzeko aukera bost puntura dauka.

Jokoari dagokionez, Lagun Onak izan da partidaren minutu gehienetan koska bat goitik ibili dena, baina jokoaren kontrolari eraginkortasunik ez diote gehitu bisitariek, batik bat lehen zatian. Bigarren zatian Anaitasunaren bultzadak gehiago parekatu du partida, batik bat azken ordu laurdenean. Aukerarik argienak ere bigarren zatian iritsi dira, Lagun Onakenak lehendabizi eta Anaitasunarenak azken hatsean. Golik gabe bukatu da, ordea, Urola Erdiko derbia.