Dena prest dute Gaztetxean biharko Bertsio Gauerako

Uztarria.eus 2018ko mar. 9a, 17:16
Iazko Bertsio Gaueko saioetako bat. (Azpeitiko Gaztetxea)

Zortzi talde igoko dira oholtzara, "gutxienez", 22:30etik aurrera. Izan ere, azken unean animatzen direnek oraindik badute izena emateko aukera, Gaztetxeko e-postara idatzita.

Festa girorik eta umore onik ez da faltako bihar Azpeitiko Gaztetxean. Aurtengo Bertsio Gaua egiteko ordua iritsi zaie Gaztetxekoei, eta dena dute prest zapatu gauerako.

22:30ean hasiko dira emanaldiak, eta gaur arte, zortzi dira parte hartuko dutela baieztatu duten lagun taldeak; "estilo ezberdinetako musika" entzuteko aukera bermatuta dagoela diote antolatzaileek. Hala ere, zortzi parte-hartzaile izango dira "gutxienez", nabarmendu nahi izan dute Gaztetxekoek. Izan ere, azken unean animatzen direnek oraindik badute izena emateko aukera, Gaztetxeko e-postara idatzita: azpeitikogaztetxie@gmail.com.