Zazpi lanpostu publiko betetzeko prozedura martxan jarri du Udalak

Uztarria.eus 2018ko mar. 9a, 17:19
Estitxu Elduaien eta Josu Labaka zinegotziak, udaletxean. (Ihintza Elustondo)

Brigadako lau langile, bi udaltzain eta eraikin garbitzaile bat kontratatuko ditu Udalak. 2011tik Espainiako legeek lanpostu berriak behin-betiko izaeraz sortzea eragotzi dute, eta, orain, jubilazioek ahalbidetu dute lanpostu berriak sortzea.

Udalak urtarrileko udalbatzarrean onartu zuen zazpi lanpostu lehiaketa publikora atera eta behin-betiko izaeraz betetzeko Lan Eskaintza Publikoa, "kalitatezko enplegua sortzeko eta horiek egonkortzeko duen konpromisoa eta borondatea oinarri hartuta". Hala, datozen hilabeteetan lanpostu horiek betetzen hasteko oposizioak egiteko prozedura jarriko du Udalak martxan. Hain zuzen ere, brigadako lau langile, bi udaltzain eta eraikin garbitzaile bat kontratatzeko egingo du prozedura.

Udalak, azken aldiz 2005ean onartu zuen Lan Eskaintza Publikoa, eta orduan, hiru administrari postu bete zituzten behin-betiko. 2011tik, ordea, Espainiako legeek lanpostu berriak behin-betiko izaeraz sortzea eragotzi dute. Orain, berriro sortu da horretarako aukera: "Bi jubilazioren ordez lanpostu bat ateratzeko aukera dago. Azkenaldian, Azpeitiko Udalean erretiro dezente izan ditugu, eta horrek ahalbidetu du lanpostuak ateratzea", azaldu du Estitxu Elduaien zinegotziak. Legeak uzten duen bitartean, Udalak "lanpostuak egonkortzearen alde" egingo duela ere azpimarratu du.

"Udalak, legeak ezarritako mugak eta tasak errespetatuz, ahal dituen lanpostu publiko egonkor guztiak sortzeko konpromiso osoa" duela adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak: "Modu garden batean bete nahi ditugu lanpostu publikoak, eta herritar orok horiek betetzeko aukera izan dezaten nahi dugu". Haren arabera, langile publikoen egonkortasuna bermatzeko ahalegina egingo dute.

Hasteko, udal brigadako lau lanpostu

Sortuko diren zazpi lanpostuetatik lau udal brigadakoak izango dira, eta horiek betetzeko deialdiko prozedura legala martxan da dagoeneko. Udalak maiatz aldera izena emateko deialdi publikoa egitea aurreikusten du. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eskaintzaren berri ematean, hogei eguneko epea izango dute herritarrek izena emateko. Udalaren asmoa da uda aurretik izen ematea nahiz onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratzea, uda ostean azterketa prozedura martxan jartzeko. Izena emateko ezinbestekoa izango da graduatua, DBH edo baliokidea izatea, eta lehen mailako hizkuntza eskakizuna izatea.