'Mikrouhinak' saioa

Joseba Irazoki: "Atom Rhumbaren ezaugarri berak ditu disko honek ere"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 9a, 13:57

Atom Rhumba eta Sonic Trash taldeek kontzertuak eskainiko dituzte zapatuan Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita. Disko berria aurkeztuko du Atom Rhumbak: ‘Cosmic Lexicon’.

Zazpi urteko etenaren ostean, 2017aren bukaerarekin batera itzuli zen Atom Rhumba taldea agertokietara. Ibilbideko zazpigarren diskoa kaleratu zuen taldeak urtarrilaren hasieran: Cosmic Lexicon. Joseba Irazokiren  (Bera, Nafarroa, 1976) arabera, taldeak kaleratutako diskoek "kolore desberdinak" izan badituzte ere, Atom Rhumbak "nahikoa fidel" heldu dio bere filosofiari urte guztiotan. "Garatzen eta aldatzen joan da taldea, baina mantendu du modak ez jarraitzeko filosofia".

Zazpi urte eta gero, berriz itzuli zarete agertokietara. Zergatik orain?
Aurreko diskoa egin genuenean, hiru edo lau urte pasatu genituen biran. Kontzertu horiek bukatzean, gelditu egin ginen pixka bat, baina lokalean jarraitu genuen lanean. Tartean, duela bizpahiru urte, maketatxo bat grabatu genuen Bonberenean (Tolosa). Kanta haiek ez gintuzten guztiz bete, ez zitzaizkigun gehiegi gustatu, baina estudioan funtzionatzen ote genuen ikusi nahi genuen. Beraz, urteotan, erritmo mantxoagoan baina lanean jarraitu dugu. Bestalde, tarte horretan hainbat aldaketa izan ziren taldean, eta duela bi urte-edo sendotu zen berriz. Maketa hartako abesti gutxi batzuk berreskuratu genituen, eta berriz ere indartsu hasi ginen entseatzen.

Oso kritika onak jasotzen ari da Cosmic Lexicon diskoa. Zer du berezia lanak?
Atom Rhumbaren ezaugarri berak ditu disko honek ere. Rocka egiten dugu, baina estilo desberdinak ukitzen ditugu zuzenean edo zeharka. Eta disko honetan identitate hori mantendu dugula uste dut. Eta zer duen berria? Nabaritzen da beste gauza batzuk bilatzen saiatu garela. Konposaketa aldetik, kanta batzuk psikodelikoagoak dira, progresiboak agian. Aurreko diskoekin alderatuta, kanta batzuk luzeagoak dira, zazpi-zortzi edo bost-sei minutukoak. Azken aurreko lanean kantu laburrak egin genituen, berehalakoagoak ziren, punkiagoak agian; oraingoan, berriz, egiturak-eta gehiago landu ditugu. Baina oinarrian dagoena da Atom Rhumbaren diskoa dela, eta hori diote kritikek ere.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.