Josu Urbieta azpeitiar presoa Mont de Marsango espetxera aldatu dute

Uztarria.eus 2018ko mar. 9a, 11:53

Etxerat elkarteak gaur jakinarazi du Frantziako espetxeetan dauden hiru euskal preso gerturatu dituztela Mont de Marsanera, eta tartean dago Urbieta.

Urtarrilean jakin zen euskal presoak Mont de Marsango eta Lannemezango espetxeetara gerturatzeko asmoa azaldu zuela Frantziako Gobernuak. Harrezkero, zenbait preso lekualdatu dituzte, eta azken hiruen berri eman du gaur Etxerat elkarteak. Raul Aduna, Jon Salaberria eta Josu Urbieta Pow azpeitiarra dira, hain zuzen ere, Mont de Marsango espetxera mugitu dituztenak.

Urbieta Poitiers-Vivonnen (Frantzia) zegoen preso orain arte, Azpeititik 486 kilometrora. Orain, Mont de Marsanen (Frantzia), etxetik 195 kilometrora egongo da. 16 urteko kartzela zigorra ari da betetzen azpeitiarra, 2010ean Jean-Serge Nerin poliziaren hilketarekin zerikusia izatea leporatuta; joan den abenduan berretsi zioten zigorra.