Bost azpeitiar lehiatuko dira Erremonteko Sagardoaren Txapelketan

Uztarria.eus 2018ko mar. 7a, 19:32
Gaur aurkeztu dute Sagardoaren Txapelketa, Bereziartua sagardotegian. (Oriamendi)

Otaegi, Ion, Etxeberria IV, Agirrezabala eta Matxin III erremontistek parte hartuko dute txapelketan. Bihar izango da lehiako lehen partida, eta apirilaren 28an jokatuko dute finala.

Erremonteko Sagardoaren VIII. Txapelketa hasiko da bihar, osteguna, eta, guztira, zortzi bikotek parte hartuko dute txapelketa horretan: Otaegi-Ion (Petritegi), Juanenea-Endika (Larre Gain), Urriza-Garces (Gurutzeta), Segurola-II-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Ezkurra II-Azpiroz (Bereziartua), Uterga-Zubiri (Altzueta), Etxeberria IV-Agirrezabala (Gaztañaga) eta Matxin III-Larrañaga (Setien). Erremontista horietako bost azpeitiarrak dira: hain zuzen ere, Otaegi, Ion, Etxeberria IV, Agirrezabala eta Matxin III.

Lehen partida bihar, osteguna, jokatuko dute Urrizak eta Garcesek Utergaren eta Zubiriren kontra, Hernaniko Galarretan. Ligaxka martxoaren 31n amaituko da, eta, apirilean, azken faseko partidak jokatuko dituzte.

Multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren kontra jokatuko dute final zortzirenetan, apirilaren 7an, eta irabazleek final laurdenak jokatuko dituzte lehen fasean bigarren sailkatu direnen kontra, apirilaren 14an. Final laurdenetako irabazleek, multzo buru direnen kontra jokatuko dituzte finalerdiak, apirilaren 21ean. Final handia, berriz, apirilaren 28an izango da.