Pentsio publiko duinen aldeko mozioa onartu dute ohiko udalbatzarrean

Uztarria.eus 2018ko mar. 7a, 11:06
50 bat erretiratu eta pentsiodun, atzoko ohiko udalbatzarrean. (Azpeitiko Udala)

Duintasuna eta Baigerak proposatu dute mozioa, eta 50 bat erretiratu eta pentsiodun joan dira udaletxera. Aho batez onartu dute mozioa.

Azpeitiko Udalak ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteartea, eta ohi baino jende gehiago bildu zen bertan, pentsio publiko duinen alde aurkeztu zuten mozioa dela eta. Duintasuna eta Baigerak proposatu zuten mozioa, eta 50 bat erretiratu eta pentsiodun joan ziren atzoko saiora. Izatez, udalbatzarrean lantzekoak ziren gaien artean azkena zen pentsioena, baina aurrena landu zuten. Pentsiodunek irakurri zuten mozioa, eta aho batez onartu zen.

Honako puntu hauek biltzen ditu pentsionistek aurkeztutako idatziak:

1. Azken urte hauetan, gure pentsioek ez dute izan KPIaren igoerarik (azkenengoa 0,25); ondorioz erosteko ahalmena galdu dugu eta gure bizi baldintzek okerrera egin dute.

2. Pentsioak adinekoen soldata izateaz gain, herri honetako familia askoren sostengu dira, dagoen lan prekarietatearen erruz. Beraz, pentsioen murrizketak herriko familia askotan izaten du eragina.

3. Bereziki aipatzekoa da emakume alargun eta bakarrik bizi direnen egoera, eta urteetan gutxi kobratu eta lan asko egin ondoren kotizatu gabe gelditu direnena. Horiei jasanezina egiten zaie bizitzeko oinarrizko beharrak (argindarra, gasa, etab.) ordaintzea.

4. Pentsioen kaxa hustu egin dela etab. entzuten dugu. Gure ustez, honen atzean, pentsio pribatuak bultzatzeko asmoa dago, bankuen intereserako. Uste dugu arazoa ez dela dirua dagoen ala ez, Espainiako Gobernuaren erabaki politikoa baizik. Guk garbi dugu: pentsioak publikoak izan ezean, ez dugu inongo bermerik.

5. Europako Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak ezartzen duen 1.080 euroko gutxiengo pentsioa onartu dezatela, duela gutxi 80.000 sinaduraren bidez EAEko eta Nafarroako Legebiltzarretan eskatu bezala. Eta pentsioen urteroko igoera KPIaren araberakoa izan dadila.

6. Sor dadila, gaurko eta biharko pentsio publiko duinak eta menpekotasunean daudenen zaintza bermatuko dituen Babes Sozialeko sistema propioa.

7. Goian aipatutako eskaera eta kezkekin bat egitea eskatzen diogu Azpeitiko Udalari. Zentzu horretan, pentsiodunek antolatzen dituzten ekimenetan parte har dezala eta bere esku dagoen guztia egin dezala eskatzen diogu, eskatzen ditugun puntu horiek bete daitezen.