Jose Mari Orbegozo: "Txapelketa baino astebete lehenago erabaki genuen parte hartzea"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 6a, 15:06
Orbegozo eta Gonzalez sari bat jasota. (Jose Mari Orbegozo)

Amaia Gonzalezek eta biek lehen aldiz irabazi dituzte Espainiako Tango Txapelketa eta Europako lehia mistoa. Fuengirolan izan da txapelketa. Bi dantzariak "oso gustura" dira lortutakoarekin.

Bost sarirekin itzuli dira Jose Mari Orbegozo (Azpeitia, 1964) eta Amaia Gonzalez (Lasarte, 1964) dantzariak Andaluzian jokatu diren XXXVII. Espainiako eta Europako Dantza Retroen eta Europako Dantza taldeen txapelketetatik. Dantza Retroen txapelketan parte hartu dute eskarmentudun bi dantzariek, eta joan den aste osoa Fuengirolan (Malaga, Andaluzia) igaro dute.

Joan den asteko astelehenean joan ziren Malagara bi dantzariak, eta asteazkenean hasi zen txapelketa. 40 eta 50 urte bitartekoen mailan, bost dantza modalitatetan parte hartu dute txapelketak iraun duen bitartean; horietatik lau irabazi egin dituzte eta bosgarrenean azpitxapeldun izan dira. Hain zuzen ere, Europako tango, pasodoble eta salsa txapelketak irabazi dituzte, baita Espainiako vals, tango eta pasodoble txapelketa mistoa ere. Gainera, azpitxapeldun izan dira Europako vals, tango eta pasodoble lehia mistoan.

Urteak dira Orbegozok eta Gonzalezek Malagan egiten diren dantza txapelketa horietan parte hartzen dutela, baina aurten inoiz lortu gabeko bi sari eskuratu dituzte. "Tangoko txapelketa ez genuen sekula irabazi, eta Espainiako txapelketa mistoan beti laugarren edo hirugarren egin izan dugu".

Ez da, baina, sariak lortzen dituzten lehen aldia. Iaz, esaterako, sei domina eskuratu zituzten Torremolinosen jokatutako munduko eta Espainiako lehietan, eta sari horiek tarteko uste zuten ezingo zutela aurtengo edizioan parte hartu. Dena den, sariketaren antolakuntza aldatu egin denez, aurten ere izan dute lehiatzeko aukera. "Txapelketa baino astebete lehenago erabaki genuen parte hartzea, eta prestatzen aritu ginen aste hartan. Dena den, aurten bost sari jasota, azpitxapeldun gelditu garen modalitatean, Europako vals, tango eta pasodobleenean, soilik parte hartu ahal izango dugu datorren urtean". Azpeitiarrak aitortu du parte hartu izan ez balute "inbidiatan" geldituko zela etxean. "Han aste osoa urduri pasatzen dugu, baina joan izan ez bagina zergatik ez garen joan pentsatuko nuen. Beti gertatzen zait hori".

Parte hartzeko zalantzak zalantza, Malagara joan eta ez dute hutsik egin. Eta lortutakoarekin "oso gustura" da dantzari azpeitiarra. "Hasieran ezin genuela parte hartu esan ziguten, baina gero esan ziguten baietz, parte hartzeko aukera genuela, eta ondo atera zaigu guztia".
Modalitatekako txapelketak arratsaldetan jokatu badituzte ere, goizak lehia prestatzeko aprobetxatu dituztela esan du Orbegozok. "Maila oso ona izaten da txapelketa horretan beti, eta aurten ere hala izan da. Gainera, epaileak ere berriak ziren aurten, eta ondo etorri zaigu hori ere. Dena berria izan da denontzat, ez genekien zerekin egingo genuen topo han, baina balorazio positiboa egiten dut".

Argi du Orbegozok: "Gorputzak uzten digun bitartean, hor segituko dugu dantzan".