Igeriketa ikastaroa antolatu du Kirol Patronatuak zazpi hilabetetik bi urte arteko haurrentzat

Uztarria.eus 2018ko mar. 6a, 13:20

Gurasoek eta haurrek batera egingo dute ikastaroa, eta saioak zapatu goizetan izango dira. Apirilean ekingo diote ikastaroari, baina izen-ematea zabalik dago jada. Martxotik ekainera bitartean 2-3 urte bitarteko haurrentzako ikastaroak ere eskainiko dituela aurreratu du Kirol Patronatuak.

Zazpi hilabetetik bi urte bitarteko haurrei zuzendutako igeriketa ikastaroa eskainiko du Udal Kirol Patronatuak apiriletik ekainera bitartean. Gurasoek eta haurrek batera egingo dute ikastaroa, eta saioak zapatu goizetan egingo dituzte. Orduerdiko saioak izango dira denak, eta hiru ordutan eskainiko dituzte: 09:30ean, 10:00etan eta 10:30ean.

Prezioari dagokionez, Kirol Patronatuko bazkideek 39,55 euro ordaindu beharko dituzte hilabeteko, eta bazkide ez direnek 69,23 euro. Informazio gehiago nahi duenak 943-81 41 21 telefono zenbakira deitu dezake.

Kirol Patronatuak aurreratu duenez, beste igeriketa ikastaro bat eskainiko dute martxotik ekainera, 2 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Data gerturatzen joan ahala emango dituzte saioen inguruko xehetasunak.