Vicente, Saralegi, Ariztegi eta Guzta nagusi Azpeitian jokatu diren herri kirol finaletan

Uztarria.eus 2018ko mar. 4a, 22:29

Herri kirol eta aizkora zaleek zita garrantzitsua izan dute gaur Izarraitz pilotalekuan. Jendetza izan da bertan; izan ere, 12:00etan hasita Urrezko Gizon Aizkolarien Binakako Txapelketaren, Urrezko Emakume Aizkolarien Banakako Txapelketaren eta Harri-jasotze Txapelketaren finalak jokatu dituzte.

Giro bikaina sortu da pilotalekuan, eta lanak egiten aurrenak izan dira Aitzol Atutxa Atutxa II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a, Iker Vicente eta Ruben Saralegi eta Joseba Otaegi eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.aProba osoan zehar aurretik joan dira Vicente eta Saralegi nafarrak, eta hain zuzen ere, horiexek jantzi dute binakako txapelketako txapela. Lehia erdi aldera arte berdinduta joan da; une batzuetan nafarrei aurre hartzeko zorian izan dira Atutxa II.a eta Txikia IV.a, baina azken txanpan erraz aritu dira Vicente eta Saralegi. Horrenbestez, bigarren postuan bukatu dituzte Atutxa II.ak eta Txikia IV.ak egin beharreko lanak. Hirugarren, berriz, Otaegik eta Mugertza II.ak egin dute.

Ondoren hasi da emakumeen banakako lehia. Irune Izkuek, Maika Ariztegik, Nerea Sorondok eta Irati Astondoak neurtu dituzte indarrak, eta Ariztegi nagusitu da. Lehia estua izan dute Ariztegik eta Sorondok, bateratsu bukatu dituzte lanak, eta epaileek foto-finisha behar izan dute txapela erabakitzeko. Hirugarren Astondoak egin du, eta laugarren Izkuek.

Urrezko Aizkorako txapelketekin batera jokatu dute harri-jasotze txapelketaren finala ere. Hiru harri-jasotzaile aritu dira txapelaren bila: Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna. 175 kiloko errektangularrarekin eta 150eko kubikoarekin egin dituzte finaleko lanak, eta Guzta nagusitu da. Bigarren Kortaberri nagusitu da, eta Galarraga hirugarren.

Hona hemen goiz eta eguerdi parteak utzitako irudi bilduma (Argazkiak: Ibon Errazu):