Dena prest, igandeko herri kirol festarako

Uztarria.eus 2018ko mar. 2a, 19:21

Urrezko Aizkolarien binakako finala, emakumeen banakakoa eta harri-jasotzaileena jokatuko dira igandean Izarraitz pilotalekuan, 12:00etan hasita. Hitzordurako bost sarrera bikoitz zozkatu ditu gaur Udalak.

Igandea ate joka dago jada, eta herri kirol usaina nabari da Izarraitz pilotalekuan. Izan ere, igandean, martxoaren 4an, herri kiroletako hiru final handi hartuko ditu Azpeitiko pilotalekuak: Urrezko Aizkolarien gizonezkoen binakakoa, Urrezko Aizkolarien emakumezkoen banakakoa eta harri-jasotzaileena. Gaur, ostirala, agerraldia egin dute txapelketaren antolatzaileek, arte hartuko duten kirolariek eta Udaleko ordezkariek, igandeko hitzorduaren inguruko xehetasunak azaltzeko. 

Txapelketaren nondik norakoak

Hiru bikote lehiatuko dira Urrezko Aizkolarien binakako txapelaren bila: Aitzol Atutxa Atuxa II.ak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak osatutakoa, Iker Vicentek eta Ruben Saralegik osatutakoa, eta Joseba Otaegik eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak osatutakoa.

Emakumeen banakako lehiak, berriz, lau protagonista izango ditu: Irune Izkue, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa.

Urrezko Aizkorako txapelketekin batera egiten ari diren harri-jasotze txapelketak ere igandean izango du finala, eta hiru harri-jasotzaile ariko dira txapelaren bila: Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna. 175 kiloko errektangularrarekin eta 150eko kubikoarekin egingo dituzte finaleko lanak harri-jasotzaileek.

Urteak dira Urrezko Aizkolari finalak Azpeitian jokatzen direla, eta horregatik, txapelketaren antolatzaile Luis Mari Bengoak esker ona erakutsi dio Udalari. Estitxu Elduaien zinegotziak, bere aldetik, esan du "kirol mioritarioen alde" egiten jarraituko dutela: "Hori babestea dugu konpromiso, eta horrela jarraituko dugu".

Igandeko herri kirol festarako bost sarrera bikoitz zozkatu ditu Udalak,. Jakinarazi duenez, dagoeneko jarri da harremanetan sarreren irabazleekin. Guztira, 40 lagunek hartu dute parte zozketan.